“Zure abisuei erantzuten diegu”. Lelo horren pean aurkeztu dute Udal Brigadako lantaldea. Hitzetatik harago doan konpromiso bat, ekintzetan islatzen dena. Hala jakinarazi du Irungo Udaleko Obretako, Mantentze-lanetako eta Azpiegituretako ordezkari Jon Ugartek, Udal Brigadaren instalazioak bisitatu dituenean Katea auzoko Primautzar kaleko 13-15ean, Brigadako lantaldeak hiriko hiri-espazioa mantentzeko egiten duen eguneroko lana ezagutzera joan baita. Ordezkariarekin batera, Antonio Cortes Udal Brigadako arduradunak ere parte hartu du bisitan.
Zuhaiztiak inausteko eta soropila mozteko lanak, argiteria publikoa LED teknologiako luminariekin berriztatzea eta bide publikoan konponketak egitea, horiek dituzte eginkizunak. Udal-brigadako lantaldea arduradun batek eta hogei langilek osatzen dute, eta, egin beharreko lanaren tipologiaren eta tamainaren arabera osatzen dituzte lantaldeak: argiteria-brigada, bide publikoko brigada eta lorezaintza-brigada.
“Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da Udal Brigadak egiten duen lana agerian jartzea. Haien lana ezinbestekoa da hiria zahar ez dadin eta bide publikoa egoera onean manten dadin”, azaldu du ordezkariak.
Udal Brigadako lantaldeak lana antola dezan, informazioa behar dute, eta hori zerbitzuan egiten den ikuskapen-lanaren bidez lortzen da, baina baita Irungo Udalak herritarren eskura jartzen dituen kanaletatik iristen diren abisu eta iradokizunekin ere (HAZ, 010, udal webgunea, auzo-elkarteak…). Herritarrentzat izan dezaketen arriskuaren arabera erantzuten zaie abisu eta iradokizunei .
Udal Brigada aurrera doa jasangarritasunean
Hiri-mugikortasun jasangarrirantz aurrera egiten jarraitzeko asmoz, Udal Brigadako lantaldeak baditu zerbitzua emateko furgoneta batzuk %100 elektrikoak direnak.



