Urdanibia Berri haurtxokoak ateak irekiko ditu bihar

Irungo Udaleko Gazteria Arloak jakinarazi duenez, larunbat honetan, hilak 19, Urdanibia Berriko haur txoko berria inauguratuko da. Haurtxoko berria, hiriko seigarrena, Eihera plazako 1 eta 2 zenbakietan dago, Uztarri Ona auzo elkartearen egoitzaren ondoan.

11:00etatik 13:00etara bitartean, gune berria ikusteko aukera izango da, eta, gainera, hainbat jarduera izango dira, doan, haur zein familientzat: Badut Taldearen animazioa, Zirkozaurre gunearen zirku tailerrak eta haur txokoko hezitzaile taldearen eskulan tailerrak.

Jarduera horiek guztiak haur txokoan bertan eta plazan izango dira, baina, eguraldi txarra egiten badu, egokitu, eta haur txokoaren eta auzo elkartearen lokalaren barruan izango dira.

6 haurtxoko hirian

Haurtxoko berria urtarrilaren 2ra arte egongo da martxan, eta udal sareko seigarrena izango da: aurrez, badira haur txokoak Palmera-Montero Gunean, Lapitzen, Katean, Erdialdean eta San Migelen.

Ekimen honek Gazteria Arloaren helburuetako bat betetzen lagunduko du: Irungo haur eta nerabeen heziketa eta aisialdirako udal ekipamenduen estaldura handitu eta hobetzea, haur eta familientzako udal zerbitzuen defizita duten auzoetan batez ere.

Haur txoko berriak, aldi baterako ekipamendu mota horren berezko funtzioak betetzeaz gain, Urdanibia Berriko eta inguruko eskaria detektatzeko balioko du.

Urdanibia Berriko haur txokoa 4 urtetik 8 urtera bitarteko haurrentzat izango da, eta, haurrentzako gainerako ekipamenduetan bezala, sormena sustatzeko proposamen estimulatzaile, hezigarri eta, batez ere, dibertigarriak eskainiko ditu, txikiek abilezia sozial, kultural eta artistikoak gara ditzaten.

Horretarako, nolanahiko tailer eta jarduerak antolatuko dira, baita familia osoarentzako proposamenak ere, Familia ta Lagun programaren bidez. Era berean, larunbat goizetan, zerbitzuak sormen lantegiak eskainiko ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude