Zabalik dago Txingudiko Bertso Eskolen 2026-2027 ikasturterako izen-ematea

Argazkiaren iturria: Irunabar.

Irunabar Irun-Hondarribiko Bertsoaren Bilguneak jakinarazi du zabalik dagoela Txingudiko Bertso Eskolan izena emateko epea 2026-2027 ikasturterako. Irailaren 16tik aurrera, Bidasoaldeko haur, gazte zein helduek izena eman dezakete bertsolaritza ezagutzeko, ikasteko edo sakontzeko helburuarekin osatuko diren talde desberdinetan.

Ikasturte berrian, haur eta gazteen taldeetan bertsogintzaren oinarriak eta sormena jolasaren bidez lantzeko aukera izango da. Bestalde, helduen taldeak errealitate zein helburu ezberdinetara egokituko dira: hasiberrientzako ikastaroak zein lehendik trebatuta dauden bertsozaleentzako trebatzeko eta bertso-saioak prestatzeko taldeak eskainiko dira.

Parte hartu nahi duten herritarrek Irunabarren webgunearen bidez (www.irunabar.eus) edo elkartearekin zuzenean harremanetan jarriz formalizatu dezakete inskripzioa. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte bertsoaren inguruko giroaz gozatzera eta Bidasoaldeko bertsolaritza komunitatea indartzen jarraitzera.

Bertso sortak aldizkarian

Azkenik, Irunabarrek tokiko hedabideekin dituen elkarlanei eutsiko die bertso idatziak eskualdeko txoko guztietara eramateko. Hain zuzen ere, Irunero aldizkariarekin hamargarren ikasturtea beteko du urritik ekainera bitartean hilero bertso-sorta berriak argitaratuz. Halaber, Bidasoko Hitza-rekin zortzigarren urtez jarraituko du elkarlanean, hilabete bakoitzeko azken ostiralean bertso-jarriak argitaratuz irailetik ekainera. Paperean zein formatu digitalean irakurri ahal izango diren sorta guztiak Irunabarren webgunean bilduko dira, eta musikatutako lanak Ivoox kanalean ere entzun ahal izango dira, herritarren proposamenak jaso ahala (irunabar@gmail.com).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude