
1922ko azaroaren 5ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak islatzen ditu. “Ante el peligro de siempre” testuak Madrilen sortzekoa den aduana zentralak Irunen eragin dezakeen kalteaz hitz egiten du. “Pax et labor” testuan berriz, azken udal bilkuran adostutako gaiak azaltzen dira, Urtizberea jaunaren jardute ona goraipatzeko. Satarrka kolaboratzaileak idatzitako “Udazkena” izeneko olerki bilduma irakur daiteke euskaraz aldizkariko lehen orrialdean, Yolek bertso erromantikoen atalerako idatzitako “La tarde está triste” olerkiaren aurretik. Orrialde amaieran udal gimnasio bat eraikitzeko proposamena aipatzen da.

Bigarren orrialdea ohiko kirol kronikarekin hasten da. Batetik, Real Unióneko batzar orokorrean hartutako erabakiak zerrendatzen dira. Ostean, astean zehar eta aldizkaria argitaratzen den egunean bertan jokatzekoak diren partidu garrantzitsuen berri ematen da. “De todo un poco” atalean 1923 urterako aurrekontuaren eraketa, kirol zelaiaren eraikuntzarekin lotutako gorabeherak eta estolderia eta edateko uraren horniduraren egoera aipatzen dira.

Hurrengo testuan aldiz, Irundik kanpo beste aduana bat eraikitzeak hiriarentzat izan dezakeen kalteaz hitz egiten da. “Notas municipales” atalak azken udal bilkurako erabakien laburpena eskaintzen du. “Buzón del Bidasoa” atalean berriz, aldizkariaren erredakzioan jasotako eskariak jasotzen dira. Azkenik, “Noticias” atalean interes orokorreko hainbat abisu biltzen dira, hala nola, gau eta eguneko farmaziak zeintzuk izango diren datozen egunetan, azken egunetan gertatutako ezkontza eta heriotzak edo udal musika bandaren hurrengo kontzertuak.