Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

2132: Taldearen erretratua Patronatuaren aurrean, Sociedad de Buenos Amigos elkartearen egoitzan (Junkal plazatxoa).

“El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak laburtzen ditu. Zehazki, aldizkariaren 342. zenbakiko lehen albistean hiriko kirol zelaiarekin loturiko nobedadeak biltzen dira, 1922ko martxoaren 15ean amaitu baitzen hiritarrek lehiaketara zelaiak aurkezteko epea. Yolek idatzitako “Todo para ti” bertso erromantikoaren ostean, Real Union taldeak martxoaren 23an Amuten jokatuko duen partidua modu ezohikoan iragartzen da, iragarkia argazki eta marko batez apaindua dagoelako eta orain arte “El Bidasoa” aldizkarian ia ez zen argazkirik erabiltzen. E.R. kolaboratzaileak, berriz, aduanetako arantzelen aldaketak eragindako egoera kaotikoa kontatzen du. “Carta abierta” idatzian Miguelónek azaltzen du aurrerantzean aldizkarian “Don Sincero” izeneko kolaborazio atal berria izango duela.

12098: Irungo Atsegiñaren XXXI. urteurrena. Zapatarien konpartsa Fermin Calbeton kalearen inguruan.

Kirol kronikan Real Unionek Real Fortuna taldearen aurkako partidua irabazi duela gogoratzeaz gainera, aldizkaria argitaratzen den egunean bertan Bouzasen, Galizian, jokatzekoa den partiduaren xehetasunak ematen dira. “Futbolerías” atalak, aldiz, futbolarekin loturiko bestelako albiste laburragoak eta orokorragoak biltzen ditu. Horacio de Sarasquetak gazte irundarrentzako Patronatuaren Aretoan egingo diren hitzaldi erlijiosoen berri ematen du, gazteak kristautasunean hezi daitezen eta etorkizun oparo bat izan dezaten. Jarraian, Udalak jakinarazten du hiriko zaborren bilketa esleitzeko lehiaketa antolatu duela. Gainera, aldizkariaren bigarren orrialdearen amaieran azken hauteskundeekin loturiko irregulartasunak aipatzen dira.

57821: Baserritarrak zelaian lanean, Jaizkibel mendian XX. mendean.

Azkenik, hirugarren orrialdean jakinarazten da Irungo Atsegiña elkartearen egoitzaren inaugurazioa martxoaren 26an egingo dela. “El Bidasoa” aldizkariaren 342. zenbakia sobera ezagunak diren “Notas Municipales”, “De todo un poco” eta “Ecos de Sociedad” atalekin amaitzen da.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude