Irungo Udaleko Kultura Arloaren eskutik, ostegun honetan, maiatzaren 9an, «Zure abenturaren bila» programaren barruko beste saio bat egingo da. Oraingo honetan, «Ibar eta mendi artean, basamortu eta glaziar artean: Hego Konoan pedalei eragiten» izenburupean, bizikleta martxa bat ekarriko digute, Argentinako Andeetatik abiatuta. Hitzordua 19:30etan izango da, Irungo Amaia KZko hitzaldi-aretoan.
Saioa gaztelaniaz izango da, Bego Garcíak aurkezpen bat egingo du, eta gero solasaldi bat egongo da, saioaren amaiera aldean. Guztira, 50 minutu iraungo du gutxi gorabehera, eta nahi duen oro sartu ahalko da, doan, leku guztiak bete arte.
«Zure abenturaren bila» berri honen protagonista den Garcíak honela deskribatu ditu gurpil gainean bizitako abenturak eta desbenturak: «Mendozan hasitako bidaian, Ande ikusgarrietan barrena abiatu ginen pedalei eragiten. Hegoaldera begira, Argentinako basamortuetako uda garaiko beroaldiak atzean utzi genituen, eta ur gardenezko lakuak, turkesa-koloreko ibaiak, gailur elurrez estaliak eta baso magikoak aurkitu. Patagoniako hotza eta haizea eta errepide australeko hartxintxar gogorrak arerio latzak dira txirrindulariarentzat, baina sariak merezi du».
Zure abenturaren bila
«Zure abenturaren bila» bidaia programa bat da, non gonbidatuek beren bizipen eta esperientziak eta, azken batean, bidaiatzeko zaletasuna kontatzen dituzten, abenturako irudien laguntzaz betiere. Programaren barruan, askotariko esperientziak kontatu izan dira, hala nola Antartikara egindako espedizioak, planetako mendirik garaienetara eta zailenetara egindakoak eta askoz ere leku hurbilagoetan egindako irteerak.



