30 taberna baino gehiagok parte hartuko dute Irun Hiria Pintxo Ibilbidearen lehen edizioan

Bidashop eta Denok Bat ostalaritza eta merkataritza elkarteek I. Irun Hiria Pintxo Ibilbidea antolatu dute, Irungo Udalaren, Irungo Turismo Bulegoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. 30 taberna baino gehiagok parte hartuko dute otsailaren 16tik martxoaren 1era  egingo den egitasmoan. Gainera, martxoaren 2an  II. Irun Hiria Pintxo Txapelketa jokatuko da, Zabaltza plazan instalatuko den karpa batean eta epaimahai profesional baten aurrean.

Irungo Udaleko lehenengo alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Sustapen Ekonomikoko ordezkari Nuria Alzagak, Turismoko foru diputatu Azahara Domínguezek eta Gildaren eta Pintxoaren Kofradiako eta Denok Bat elkarteko kide Sonia Garcíak aurkeztu dute ekimena gaur goizean Zabaltza plazan.

Guztira, antolatzaileek 12 pintxo aukeratu dituzte txapelketan parte hartzeko. Martxoaren 2an izango da txapelketa, showcooking formatuan, Zabaltza plazan instalatuko den karpa handi batean, eta parte hartzaileek zuzenean prestatuko dituzte pintxoak, epaimahaiaren aurrean. Showcookinga 16:00etan hasiko da, eta sari banaketa 19:00etan izango da: orduan ezagutaraziko da II. Irun Hiria Pintxo Txapelketako irabazlea.

Hain zuzen ere, honako hauek izango dira pintxo lehiaketaren bigarren edizioko epaimahaikideak: Félix Manso, Félix Manso Ibarla jatetxearen jabea; Josema Azpeitia, kazetari gastronomikoa; Marianne Kintoa, Arka jatetxeko sukaldeko burua (Sara); Adur Arrieta, sukaldaria eta Tatapas tabernaren jabea (Hondarribia); eta Catherine Marchand, kazetaria eta La Semaine du Pays Basque aldizkariko idazlea.

Errepikatzen duen lehiaketa

Nuria Alzagak nabarmendu duenez, “Irunen, ekitaldien agenda oso oparoa da urte osoan, eta, ibilbide hau osatuta, herritarrak inauterien ondoren ere kalera ateratzera eta hiriaz gozatzera animatu nahi ditugu. Gainera, ekimenak ostalaritzaren garrantzia azpimarratzen du, funtsezko sektorea baita Irungo gizartean eta ekonomian”. Ordezkariak gehitu duenez, horrelako proposamenak oinarrizkoak dira jardun txikiko garaietan hiria dinamizatzeko, turismoa eta merkataritza ohiko sasoietatik kanpo sustatzen laguntzen baitute, eta herritarrei eta bisitariei Irun deskubritu eta gozatzeko aukera eskaintzen.

Azahara Domínguezek baieztatu duenez, berriz, “Gipuzkoak indar egingo du berriro ere, bere sinbolo nagusia baliatuz: pintxoa. Bi ekimen hauek, Irunera bisitariak erakartzeaz gain, garai lasai batean gauden honetan, hiria dinamizatzen lagunduko dute. Edonola ere, Irun hiri bizia da, martxan dago. Proposatu eta berritu egiten du, bere gaitasunean uste osoa du, eta Foru Aldundiak lagundu baino ezin du egin, Gipuzkoak hiri dinamikoak behar baititu, gure autentikotasun eta berezitasunaren adierazgarri diren ekimen originalak, beren udalerrien alde egiten duten ekintzaileak. Hori da bide bakarra Gipuzkoa osoa izateko destino turistiko distiratsua, kostaldetik harago eta udako hilabeteetatik kanpo ere”.

Azkenik, Sonia Garcíak “Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes instituzionala” eskertu du, “baita txapelketako laguntzaileena ere, hornitzaileena, haien laguntza ezinbestekoa izan baita ekitaldia antolatu ahal izateko”. Argitu duenez, helburua “bertako ostalaritza sustatzea” da, “eta bertako ostatuetan kontsumi dadin bultzatzea”, eta, ildo horretatik, “30 bat establezimenduk parte hartuko dute ekimenean, gure sukaldaritzaren balioa erakusteko eta harremanak estutzeko”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude