10 urte bete ditu GazteARTEan Expo programak. Artista gazteek barnean daramaten alderdi sortzailea eta artistikoa ezagutaraztea, garatzea eta lantzeko helburuarekin hasi zen, artista horiekin batera lan eginez. 2015az geroztik 39 artistak, gehienak Bidasoaldekoak, parte hartu dute programan.
GazteARTEan Expo programaren helburu zehatzak hauexek dira: aipagarri dira gazteei laguntza ematea sormena eta jakin-min artistikoa garatzen eta herritar gazteen elkarrizketa eta hausnarketa aktibatzea, parte-hartzea eta lankidetzako prozesuak sustatuta, betiere artea lanabes gisa hartuta. Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariak eta, nabarmendu duenez, “programa honek laguntza ematen die beren proiektuak argitara ateratzeko bultzada baten beharrean diren tokiko artistei”.
Urte hauetan guztietan, Martindozenea gaztelekutik pasatu dira diziplina askotako artista lokalak, hala nola Cristina Juaniz – Micrisantemo, Maialen Arocena edo Sarah Grandes – Hache, baita muralistak ere, besteak beste, Nextor Otaño – Nexgraff, eta modarekin lotutako artistak, hala nola Oihane Pardo eta Amarenak proiektua.
Hezkuntza eta Gazteriako ordezkariaren hitzetan, “aukera bikaina da, dudarik gabe, artista gazteek beren obra ezagutzera emateko eta, gainera, hiriko gazte eta nerabeen artean eragiteko parada ere eskaintzen die, beren lana haiengana gerturatzeko tailerren bidez”. Ordezkariak erantsi duenez, GazteARTEanen oso positiboa iruditzen zaie iritzi truke hori: “askotan etorkizuneko erakusketetarako eta artista berrientzako inspirazio-iturria izaten da eta”.
Martindozenea Gaztelekuarekin lotura
GazteARTEan Exporen gakoetako bat Martindozenea gaztelekuarekin duen lotura da, artista guztiek prestakuntza-tailerrak egin baitituzte bertan nerabeekin. Lantegi horien bidez, artelanak gaztelekuan erakusgai jarri dituzten artisten sormen-lana ezagutzera emateaz gain, parte-hartzaileek aukera izaten dute proiektu propioen sorrerari, balioei eta artisten bizitza- eta lan-ibilbideei buruzko kontakizuna entzuteko. Horrela, hasiera-hasierako fasean dauden talentu horiek inspiratzen dira.
Erakusketa guztia
GazteARTEan Expoko erakusketei buruzko informazio guztia Udalaren webgunean kontsultatu daiteke.
Hona hemen GazteARTEan Expon erakusketa jarri duten pertsona guztiak:
- 2015: Iñaki Frotun eta Oier Gil.
- 2016: Malmö, Maite Rosende, Pili Aguado, Maialen Arocena, Jone Superhero, Mikel Etxeberria eta Marcos Navarro.
- 2017: Marifix Arias, Udane Juaristi, Joseba Larratxe, Jon Juarez, Litle Maddi, Amarenak eta Olaia Martínez.
- 2018: Jessica Martín, Berskate, Telmo Iridoi, Andrea Escargot, Miriam Loidi eta Irrimarra.
- 2019: Ana Lupe Iridoi, Josu González, Sandra Garayoa, Blai Pasaia eta Alaia Gaztelumendi.
- 2020: Ibon Azpilikueta, Andrea Costas eta The Local SS.
- 2021: Amlu eta Micrisantemo.
- 2022-23: Sarah Grandes, Ainara Azpiazu, Nextor Otaño, Emilie Filgueira eta Anne Isi.
- 2025: Luis Tolosa eta Ane Gómez.
Ane Gómezen erakusketa
Oraintxe bertan Martindozenea gaztelekuan ikusgai dagoen erakusketa Ane Gómez artista hondarribiarrak proposamena da: «Harago begiratuz». Azaroaren 14ra arte bisitatu daitekeen erakusketa honetan bildutako lanak aurreko urteetan egindako obren behaketa zorrotzean oinarritzen dira, ez gauza berri bat sortu nahirik, baizik eta dagoeneko egindakoari arretaz erreparatuta. Norberaren obra aitortzen, beste ikuspegi batetik, xehetasunetatik.
Horrela, xehetasunean oinarritutako proposamen bat sortu da, obra handiago baten pasarte txiki hautatu batzuk handituz. Gutxien-gutxienean unibertso abstraktu bat aurkitu da, eta ikusgarri eta autonomo egin. Obra ez jaio, bere baitatik berraurkitu da.
KREA programa
GazteARTEan Expo tokiko talentuak sustatzearekin lotutako KREA programaren lan-ildo nagusietako bat da. Xedea adar eta talentu artistikoen balioa aitortzea da, hala garapen profesional nola pertsonalerako, horretarako lehen esperientziak erraztuta, esate baterako erakusketak antolatuz, komunikazio-prozesuak eginez edo artisten lana ezagutzera emanez.



