Bidasoak Artalekun Barçaren aurka jokatutako partiduak utzitako karbono aztarna neurtu du

Bidasoa klubak, Grupo Cei babeslearekin batera, Bidasoa Irun-Barça neurketaren karbono-aztarnaren diagnosia egin zuen irailaren 9an, larunbatean. Artalekun  jokatutako Plenitude ASOBAL Ligako lehen jardunaldiko partida izan zen. Ekitaldiak sortutako emizioak kalkulatzeko ikusleei partidura joateko garraiobideaz galdetu zitzaien.

Analisiaren emaitzak ostiral honetan aurkeztu ditu Gurutz Aginagalde Bidasoa klubeko presidenteak; David Sánchez Grupo Cei taldeko Miru CSko Jasangarritasun Proiektuen arduradunak; eta José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun diputatu eta Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioko presidenteak.

Karbono-aztarna kalkulatzeko, muntaia-faseari, partidaren ospakizunari eta desmuntatze-faseari dagozkion hainbat igorpen-mota hartu dira kontuan:

– 1. irismena: berotegi-efektuko gasen zuzeneko isuriak (BEG). Adibidez, galdaretako, ibilgailuetako eta abarretako errekuntzatik datozen isuriak, erakunde horren jabetzakoak direnak edo haren kontrolpean daudenak.

– 2. irismena: hartutako elektrizitatea, beroa edo lurruna sortzeari lotutako berotegi-efektuko gasen zeharkako isuriak.

– 3. Irismena: zeharkako beste emisio batzuk: ekitaldian eskatutako materialak ateratzea eta ekoiztea, bertaratutakoen joan-etorriak, lehengaiak, erregaiak eta hirugarrenek egindako produktuak garraiatzea edo beste batzuek eskainitako produktuak edo zerbitzuak erabiltzea.

Guztira, hiru irismen horiek kontuan hartuta, 6,58 tona CO2 kontsumitu dira ekitaldiaren fase guztietan. Horren oinarria da energia-kontsumoen kalkulua, jokalarien, zaleen, teknikarien, langileen eta beste laguntzaile batzuen jatorria, hala nola telebistako langileak, muntaia eta osasun-langileak, hondakinen kudeaketaz gain.

Lortutako emaitzak aztertu ondoren, hauek dira kontuan hartu beharreko erreferentziazko adierazle batzuk:

– CO2 tonak ekitaldira bertaratzen den bakoitzeko: 0,0033.

– CO2 tonak instalazioko metro koadro bakoitzeko: 0,0021.

Berotegi Efektuko Gasen emisio handiak zaleak ekitaldira egindako joan-etorriei dagozkie, partidako emisio guztien ia % 80a zeramatelako. Bidasoa Irun-Barçara 1.907 zale joan ziren; horietatik 1.311 oinez edo bizikletaz iritsi ziren pabiloira, 382 autoz, 78 motoz, 77 trenez edo topoz eta 59 autobusez. Guztira, zaleek 5,23 tona CO2 sortu zituzten.

Hori dela eta, CD Bidasoak parte-hartzaileen kontzientziazioan eta horien joan-etorrietan lan egingo du emisio horiek murrizteko. Kluba erakundeekin lanean ari da emisio horiek konpentsatu ahal izateko proiektuetan, Naturklimaren eskutik, sortutako inpaktua orekatzeko.

Jasangarritasuna gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den estrategien multzoa da. Ekitaldiek, bestalde, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-inpaktuak sortzen dituzte; horregatik, irizpide iraunkorrak jaso behar dituzte. Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren (NBGP) arabera, ekitaldi jasangarria da “ingurumenean eragin ditzakeen inpaktu negatiboak minimizatzeko eta komunitate anfitrioiarentzat eta tartean dauden guztientzat onuragarria den ondarea uzteko diseinatutako, antolatutako eta garatutako ekitaldia”.

Jasangarritasun-irizpide horiek ekitaldien garapenean txertatzeko, beharrezkoa da ekitaldien bizi-ziklo osoan sor dezaketen karbono-aztarna kalkulatzea. Karbono-aztarna honela definitzen da: produktu, zerbitzu, antolaketa edo ekitaldi batek zuzenean edo zeharka isurtzen dituen berotegi-efektuko gas guztiak. Karbono-aztarna CO2 tona baliokidetan adierazten da, eta klima-aldaketaren fenomenoari egiten dion ekarpena zehazten du.

Gurutz Aginagaldek, CD Bidasoako presidenteak, azpimarratu duenez, helburua da “ahalik eta gehien gutxitzea neutraltasunera iritsi arte uzten dugun arrastoa, gizartearen kontzientziazioan lan egiteaz gain. Klubak klub erreferentea eta arduratsua izan behar duela uste dugu, eta gaurtik aurrera karbono-aztarnaren emisioan neutraltasuna bilatzen duen lurraldeko lehen kluba izango gara”. David Sánchezek, Cei taldeko kideak, bildutako datuak zehaztu ditu, eta txostenean “sentsibilizazio-kanpainak egitea” proposatzen dela azaldu du emisioak murrizteko”.

Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun diputatu eta Naturklimaren presidenteak, CD Bidasoa zoriondu du, ingurumenarekiko duen konpromisoagatik, eta eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez emisioak konpentsatzeagatik. “Gure karbono-funtsarekin konpentsatzeak inbertsio berdeak azkartzea eta gure ingurunearen hobekuntzan zuzenean eragitea esan nahi du”. Foru diputatuak gogorarazi du iaz Gipuzkoako hainbat enpresak egindako konpentsazioei esker Etxolazarreta lursaila berreskuratzen ari direla Aiako Harrien parkean, 2022an izandako sutearen ondoren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude