Larunbatean eguerdian Zabaltza plazan bildu ziren eskualdeko osasun sistema publikoaren kalitatea hobetzea eskatzeko. Orain arteko elkarretaratzeetan egin izan duten bezala, egungo sistemaren hutsuneak salatu eta osasun publikoaren arazo nagusiak zerrendatu zituzten. Elkarretaratzen honen bitartez Osasun Bidasoa plataformak azaroan zehar egindako kontzentrazioei amaiera eman die.
Elkarretaratzearen amaieran, komunikatu hau irakurri zuten elkarretaratzeko parte-hartzaileek:
“Eskerrik asko gaur Bidasoa eta Bortziriak eskualdeetarako osasun publiko hobea eskatu duzuen guztioi.
Herritarrak gero eta kezkatuago daude gure osasun-sistemak pairatzen duen egoera larriagatik. Ezin da onartu Osasuneko sailburuak kultura-aldaketaz hitz egitea, urrutixeago mugitzeaz, edo itxaron-zerrendak konpontzeaz, lan-karga erakunde pribatuetara bideratuz. Itxaron-zerrendetarako irtenbide hau gaurko ogia eta biharko gosea da. Gastua handitzea, osasun pribatura bideratuz, osasun publikoaren xahuketa eta ahultze handiagoa besterik ez da. Osasun publikoa hobetzen inbertitu behar da, egoera bera berriro gerta ez dadin.
Pribatizazioa ez da irtenbidea, arazoaren zati bat baizik. Urkullu jauna eta Sagarduy andrea, zerbitzu publiko batek 4 pertsona behar baditu, pentsaezina da merkeagoa izatea 4 soldata eta enpresa-irabazien marjina ordaintzea, zuzenean administraziotik 4 soldata ordaintzea baino. Hori oinarrizko matematika da lehen hezkuntzako lehen mailan. Ezin dugu onartu gure osasuna enpresa pribatuentzako negozio bat izatea. Sobera dakigunez, enpresa baten mozkina zerbitzuen kalitatearekiko alderantziz proportzionala izango da beti.
Gure eskualdeetako osasun-zerbitzu publikoak hobetzea proposatzen dugu. Horretarako, lehen mailako arreta baliabide gehiagorekin sustatu behar da, pazienteen osasunaren jarraipena ekipo beraren bidez berreskuratuz, eta bizilekutik ahalik eta hurbilen. Nekatuta gaude arazoa profesionalen falta dela entzuteaz, benetako arazoa plangintzarik eza eta zerbitzu publikoen desegitea denean, baita herritarren parte-hartzerik eza eta osasun-kudeaketaren kontrol demokratikorako mekanismorik eza ere.
Espezialista batek artatzeko edo proba diagnostiko bat egiteko itxaron-zerrendak gero eta handiagoak dira, eta lehen mailako arretan, eskualdeko ospitalean bezala, kontsultatzeko tokirik ez izatea denoi eragiten diguten arazoak dira. Osasun Bidasoatik uste dugu hornidura historiko eskasa dela, bai azpiegiturei dagokienez (ospitalea eta anbulatorioak), bai profesionalei dagokienez. Defizit kroniko horri gehitu behar zaio baliabideen plangintza txarra eta profesionalen kudeaketa txarra, gure eskualdeak alde batera uztea errazten duena, lan-baldintza hobeak bilatuz Osakidetzako beste eremu batzuetan, beste autonomia-erkidego batzuetan edo osasun pribatuan.
Horregatik guztiagatik:
Espezialistekin egindako kontsultetarako eta proba osagarrietarako itxaron-zerrendak murriztea eskatzen dugu, betiere premiazkoak ez diren arretetarako 60 eguneko epea gainditzen ez badute eta lehentasunezko arretarako 15 eguneko epea gainditzen ez badute.
Profesional gehiago kontratatu behar ditugu, baldintza duinetan, kontratu egonkorrekin eta lanpostu hutsak eta absentziak betez, lan-karga onargarria izan dadin.
Kalitatezko arreta ahalbidetuko duen osasun-azpiegituretan inbertitzea eskatzen dugu. Alboko eraikina ospitalean, hirugarren anbulatorioa Oinaurren eta Irun erdialdeko eta Dumboako anbulatorioak birmoldatzea.
Osasun sailburuak profesionalekin, tokiko erakundeekin eta herritarren ordezkariekin elkarrizketa bat ezartzeko hartutako konpromisoa betetzea eskatzen dugu. Herritarrei eta eragindako profesionalei entzuteak egoera hobetzea ahalbidetuko luke, errealitatea ezagututa.
Eskerrik asko.”



