“Kioskoan Dantzan” izenpean udalak adinekoentzako dantzaldiak antolatu ditu datozen hilabeteetarako

Udalak adinekoentzako dantzaldiak antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Lehenengo saioa igande honetan bertan izango da, hilak 5, Zabaltza plazan. Gizarte Ongizateko ordezkari Nuria Alzagak, Nagusilaneko Juana Mari Errorekin batera, hiriko pertsona + 60ak dantzan jarriko dituzten jardunaldien berri eman dute.

Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkari Nuria Alzagak eman du hiriko 60 urtetik gorako pertsonak dantzan jarriko dituzten jardunaldien berri:  “Dantza egitea erraza da, eta, batez ere, oso dibertigarria, eta on izugarria egiten die gorputzari eta buruari.  Badakigu adinekoek asko gozatzen dutela dantzan, eta programazioan dantzaldi gehiago sartzeko eskatu izan digute. Bada, lan ildo hori garatzen joan gara, eta, orain, saio berri hauek antolatuta, sakondu egingo dugu.  Garrantzitsua da kaleak, plazak eta, oro har, hiria berriro hartu eta adinekoei ikusgaitasuna ematea; are gehiago, belaunaldien arteko harremanak sortzeko aukera ematen duen jarduera musikal eta dibertigarri baten bidez. Espero dugu herritarrek asko gozatuko dutela eta parte hartzera animatuko direla“.

Adinekoek dantza egiteko hiru saio antolatuko dira, hiriaren lekurik kuttunenetako batean, Zabaltza plazako kioskoan: Maiatzaren 5ean, 18:00etan, Orquesta Tsunami taldearekin, abuztuaren 14an, 22:00etan, Remember taldearekin eta urriaren 6an, 18:00etan, Orquesta Tsunami taldearekin

Irunen, adinekoen artean arrakasta handia duten jardueretako bat da dantza, eta adinekoentzako zentro sozial gehienek dantzan ikasteko eskolak eman ohi dituzte, Gizarte Ongizateko Arloko dinamizazio zerbitzuaren eskutik: Behobiakoan, online eskolak; Anaka-Puianakoan, sevillana eskolak; eta Lekaenekoan, Palmera-Montero Gunekoan eta San Migelekoan, dantzaldiak.

Adinekoen elkarteek ere antolatzen dituzte dantza jarduerak: Gure Altxorrek sevillanak, mutxikoak eta aretoko dantzak ikasteko aukera ematen du; Makilak aretoko dantzak ikasteko saioak antolatzen ditu; eta Alhondiga-Belaskoeneko erretiratu eta pentsiodunen elkarteak, dantzaldiak, larunbatetan, Ficoban.

Udan Gogoz, Gabonetan Gogoz eta Bizi Gogoz

Esan bezala, dantzak on izugarria egiten die adinekoei, hala nola estresa eta depresioa txikitzea eta narriadura kognitiboa gelditzea, eta, horregatik, dantza funtsezko elementua da Irungo Udalak adinekoentzat prestatzen dituen jarduera berezien programetan. Horrela, Udan Gogoz, Gabonetan Gogoz eta Bizi Gogoz ekimenetako programazioak dantzaldiak hartzen ditu barnean, hiriko adinekoentzako zentro sozialen eta lokalen erabiltzaileen garapen kognitibo eta fisikoa eta haien arteko harremanak sustatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude