Luis Mari Elorz zendu da. Irungo medikua izateaz gainera, Hiritar Foroko lehen lehendakaria izan eta 2019an Irun Hiriko Urrezko Domina eman zioten. Cristina Laborda Irungo alkateak atsekabe handia agertu du, eta “hark arrazoi humanitarioekin eta hiriaren hobekuntzarekin zuen konpromiso irmoa” azpimarratu du.
Oso eskuzabala eta altruista zen, eta erabat emana zegoen kausa sozialetara eta hiriaren hobekuntzara. Horrela, bada, Irungo Udalak Irun Hiriko Urrezko Domina eman zion 2019an. Talde politiko guztiek aho batez babestu zuten ekimena, eta 2019ko urtarrilaren 25ean eman zioten, Irungo Udaletxeko Areto Nagusian zeremonia solemne, hunkigarri eta alai bat eginez familiakoekin eta lagunekin batera.
Cristina Laborda alkateak “doluminik bizienak” eta “besarkada handi bat” bidali dizkie zenduaren familiari eta lagunei.
Luis Mari Elorz
Luis Mari Elorzek 30 urte baino gehiago eman zituen Irunen medikuntzan, eta hasiera-hasieratik, gizatasun harrigarriz egin zuen bere mediku-lana. Haren pazienteak izan zirenek, zalantzarik gabe, haren enpatia, entzuteko eta sufrimendua ulertzeko gaitasuna eta sufrimendu hori arintzeko grina nabarmentzen dituzte. Bere karrerako urte guztietan, Luis Marik, sendatzeaz gain, osasunean hezi ere egin zuen, beti eskuzabaltasunez, altruismoz, zintzotasunez eta etikaz jokatuz. Hala berresten du berak zaindu eta artatu dituen hainbeste irundarren testigantzak. Aipagarria da, halaber, nolako konpromisoa zuen kausa humanitarioekin eta Irungo Hiritar Foroaren lehen lehendakari gisa hiria hobetzeko lanarekin.



