“Historia eta Zientzia” zikloak emakumeen kontatu gabeko istorioei ahotsa emango die Oiasso Museoan

Gaur goizean Oiasso Museoak eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuak antolatutako “Historia eta zientzia” zikloaren bigarren edizioa aurkeztu da. Nuria Alzaga Irungo Udaleko Kultura ordezkariarekin batera, Itziar Vergara, Biogipuzkoako zuzendari zientifikoa; Koldo Garcia, Biogipuzkoako Dibulgazio eta Kultura Zientifiko arduraduna; eta Cristina Ubani, kultura dibulgatzailea izan dira aurkezpenean.

Ordezkariak adierazi duenez, “ilusioz beterik gaude ziklo honen bigarren edizioarekinZikloaren barruan lantzen diren gaiek, interes orokorrekoak izateaz gain, mugak gaindituko dituzte, ‘historia kontatu gabea‘ jende gehiagori helaraziko baitiote”. Kultura ordezkariak erantsi duenez, “Irungo Udalak Oiasso Museoari eta Biogipuzkoari eskerrak eman besterik ezin dezake egin zikloa Irunen antolatzeagatik”.

Lehenengo edizioak harrera bikaina izan zuen, eta, bigarrenean, “Emakumeak: sexua eta ugalketa. Historia kontatu gabea” izango da gaia. Museoan bertan ikusgai jarriko den erakusketa batek, hitzaldi sorta batek eta Ama Xantalen nekropoliaren bisita gidatu batek osatuko dute zikloa.

Emakumeak, ikusgai

Bihar, hilak 18, ostiralarekin, 18:00ean, “Emakumeak, emaginak eta erditzeak” erakusketa inauguratuko da. Osasun gaien inguruko ikerketak eta jakintza zientifikoak gizartearen aurrerabidean izan duten eta oraindik ere baduten inpaktua ezagutaraztea da erakusketaren helburua, eta, horretarako, elkarrizketa formatua baliatuz, bi entitate horiek komunean dituzten eta elkarren osagarri lantzen dituzten gaiak jorratuko dira: zientzia, dibulgazioa, historia eta osasuna.

Erakusketa 2025eko urtarrilaren 12ra arte egongo da ikusgai, doan.

Elkarrizketa formatuko hitzaldien zikloa

Zientzia eta historia gaiei buruzko hiru hitzaldi izango dira, elkarrizketa formatukoak. Lehena, urriaren 22an, asteartean izango da, 19:00etan. Uxune Apalategi eta Elena Torregarayk parte hartuko dute bertan, Sergio Cardosoren moderazioarekin, “Egiptoko historia kontatu gabea” kontatzeko.

Urriaren, 23an, asteazkenean, “Erromatarren garaiko historia kontatu gabea” izango da hizketa gaia. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, María M. Caffarel eta Mertxe Urteaga izango dira hizlariak, Koldo Garcíaren moderazioarekin.

Azkenik, urriaren 24an, ostegunean, Mikel Gorostidi eta Isabel Mellén “Erdi Aroko historia kontatu gabea” hitzaldia eskainiko dute, Cristina Ubaniren moderazioarekin. Hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da.

Zikloaren barruko azken jarduera Ama Xantalen nekropoliaren bisita gidatu bat izango da, hilaren 26an, larunbatarekin, 11:00etan. Orduan, jaioberrien eta haurren ehorzketez hitz egingo da, baita haurdun zeuden emakumeenez ere.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude