Isolamendua eta narriadura kognitiboa prebenitzeko programek jarraipena izango dute 2025ean

Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak jakinarazten du dena prest dagoela, beste urte batez ere, isolamendua eta narriadura kognitiboa prebenitzeko programa egiteko, hiriko 75 urtetik gorako pertsonei zuzenduta.

Sandra Caballero ordezkariaren hitzetan, «beste urte batez ere, ekimena martxan jarriko dugu, ahalik eta pertsona gehienengana iristeko. Horrela, Udala gauza da gogoz kontrako bakardadeari aurre egiteko eta gure zerbitzuak eta laguntza behar dituztenengana eramateko. Funtsezko programa bat da, baina baita gertukoa ere, haren bidez pertsona bakoitzaren kasura hurbiltzen baikara, gero gure ekintzak egokitzeko, ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen. Azken batean, konfiantzazko eremuak sortzea da kontua, gizarte-harremanak sustatzeko».

Programa bi tartetan egiten da urtero, urtarriletik ekainera eta uztailetik abendura, eta hiriko hiru talderi dago zuzenduta:

  • Irunen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonak.
  • Aurreko urtean (2024) bakarrik bizitzera pasatu diren pertsonak.
  • Bakarrik bizi diren eta babes sozialik ez duten 75 urtetik gorako pertsonak, arloak uste badu arreta behar dutela beren egoera edo inguruabar partikularrak direla eta.

Bi faseetan, Gizarte Ongizate arloak gutun bat bidaltzen die pertsonei, programa dinamizatzen duen Amagoia Caballero psikologoa haiekin harremanetan jarriko dela esateko. Ondoren, psikologoak telefonoz deitzen die, programaren berri emateko, eta elkarrizketa pertsonal indibidualizatu bat proposatzen die etxean bertan edo kanpoan, baldin eta adinekoak nahi badu. Elkarrizketetan Udalak eskura dituen baliabideen berri ematen zaie, eta estimulazio kognitiboko eta trebetasun eta abilezia sozialak sustatzeko tailerretan parte hartzeko gonbita luzatu isolamendu eta bakardade adierazleak dituztenei. Azkenik, ordu eta erdiko tailerrak egiten dira astero espazio bakoitzean.

Tailerren bidez, estimulazio kognitiboa lantzen da, askotariko jarduerak eginda arreta, kontzentrazioa, lengoaia, funtzio exekutiboak eta abar lantzeko. Gainera, abilezia sozialak ere lantzen dituzte, arreta jarrita emozioen doitzean, asertibitatean, komunikazioan, entzute aktiboan eta enpatian, besteak beste.

Orain arte, adinekoen zentro sozialetan egin dira tailer horiek, ordutegi hauekin:

  • Palmera-Monteron: astelehenetan, 10:00etatik 11:30etara.
  • Irason: asteazkenetan 10:00etatik 11:30etara.
  • Lekaenean: asteazkenetan 12:00etatik 13:30etara.

Urte berriarekin programa berriz abiatzean, urtarrilean, aipatutako horiez gain, beste bi tailer ere eskainiko dira, bi auzo-elkartetan, ordutegi hauekin:

  • Artiako auzo-elkartean: astearteetan, 10:00etatik 11:30etara.
  • Elitxu auzo-elkartean: astelehenetan, 16:00etatik 17:30etara.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude