Oiasso museoak Jano jainkoari gurtza

Antzinako Erromatar Inperioan, urtarrilak garrantzi berezia zuen urtearen hasiera bezala. Hilabete hau Jano jainkoari eskainia zegoen. Jano Erromatar mitologiako figura garrantzitsuenetako bat zen.

Jano, latinez Ianus, hasiera, amaiera, ate, pasabide eta aldaketa guztien jainkoa zen. Bere ezaugarri nagusia buruan zituen bi aurpegiak ziren: bata aurreko norabidera begira, eta bestea atzerantz. Jainko jakintsua zen, alajaina!, iragana eta etorkizuna aldi berean begiratzeko gaitasuna erakusten baitzuen. Eta etorkizuneko erabakiak hartzeko iraganetik jasotakoa hartzen zuen kontuan.

Janok bere tenplua zuen, Erromako Foroan, hamabi ate zituen, urteko hilabete bakoitzaren omenez. Ate nagusi ikusgarriak omen ziren. Erromatarrak gerran bazebiltzan ateak irekita egoten ziren, gerlariei indarra suspertzeko. Bake garaian aldiz, ateak itxita egon ohi ziren, bakearen sinbolo gisa. Zoritxarrez tenplu hori desagertu egin zen eta gaur egun, Jano jainkoaren omenezko arku bat besterik ez da geratzen.

Hala ere, urtarrila ez zen beti urteko lehendabiziko hilabetea izan erromatarrentzat. Julio Cesarrek juliotar egutegia finkatu baino lehen, K.a. 46. urtera arte, martxoan ematen zitzaion hasiera urteari, Marte jainkoaren hilabetean, alegia, gerrak hasten ziren garaian. Baina Jano jainkoa hain zen garrantzitsua, urtearen hasiera mugitu eta urtarrilera pasa zela, urte batetik bestera jauzia egiteko hilabeterik eta bereziki jainkorik egokiena baitzen. Jano ateen jainkoa ere bazen, etxeak babesten zituen jainkoa, eta merkataritza eta negozioen jainkoa, halaber. Eta horregatik urtarrila izaten zen iragana begiratu eta egitasmo berriak burutzeko garaia.

Urtarrilaren (“Ianuarius” latinez) lehen eguna, Kalendae Ianuariae, Erroman festa bereziekin ospatzen zen. Erromatarrek opariak eta sakrifizioak eskaintzen zizkioten Janori, urte berriari hasiera ona emateko eta haren babesa eskuratzeko. Opariak ere egiten ziren etxekoen artean. Beraz, ikus daitekeenez, Gabonetako afari eta bazkari oparoak eta Olentzeroren eta Errege Magoen oparien kontuak historia luzea du, ez da gaurko kontua, ez horixe!

Erromatarrek Jano jainkoa eguneroko bizitzan ere integratzen zuten. Etxeko ateak Janoren presentzia sinbolizatzen zuen. Errituetan, Janoren izena zen lehenik aipatzen zena, beste jainkoen aurretik. Honek erakusten du bere garrantzia. Erromatar artelan eta txanpon askotan ere, Janoren burua agertzen da. Eta aitzinean esan bezala, bere bi aurpegiek, hasiera guztietan batez ere, edo egitasmo berri baten aurrean, esanahi berezia dute, atzera begiratzen duen aurpegiak eskarmentutik ikasitakoa erakusten digu eta aurrera begiratzen duenak ikasketa horiek oinarri hartuta, erabaki sendoak hartuz aurrera egiteko bultzada ematen digu. Aurten, 2025 honetan, Oiasso Museoak, Jano gurtzeko tartea hartu du. Iraganari begiratzen badiogu, pasa den urtean museora bisitan 38.634 lagun etorri zirela esan dezakegu. Aurreko urtean baino % 19 gehiago etorri ziren museoa ikustera. Benetan pozgarria eta partekatzeko moduko datua dugu hau. Igoera horretan, inguruko jende asko gerturatu da, Bidasoaldeko lagunak,  eta horrek poza areagotzen du. Baditugu hainbat alderdi hobetu nahi genituzkeenak, esate baterako, euskaraz antolatzen ditugun ekimenetan irundarren parte hartze zabalagoa izatea, eta baita gurera gazte gehiago erakartzea ere. Horiek izango dira datorren urterako asmo batzuk, baina badira erronka gehiago ere, esate baterako, 2025 honetan termen musealizazioa amaitu eta ikusgai egongo da garai hartako bainuetxea. Honek aldaketa asko ekarriko ditu, hain zuzen ere, museoan dauden piezak ikusteko aukeraz gain termen indusketa zuzenean ikusi ahal izango da, eta azkenean museoaren hasierako asmo hura beteko da, eta plaza berri bat ere sortuko da museoaren atze aldean, uda partean kontzertu eta antzerki txikiak antolatzeko kokaleku ezin hobea.

Baina ez da hor amaituko festa, ez, Irugurutzeta ere berrituko da, eta urteak ekarriko digunaren artean FICABek, Bidasoko Nazioarteko Arkeologia Zinemaldiak, 25 urte beteko ditu. Ospakizun handia, benetan. Jano jainkoaren omenez gure ondare historikoa eta kulturala bizirik dago, eta etorkizuneko ekimenak abian jartzeko gogoa eta ilusioa inoiz baino biziago dugu. Bai museoko langileok, baita udala, eta baita museoari zentzua eta bizia ematen diozuen lagun eta bisitari guztiak gaude elkarrekin ahalegin honetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude