Kirolarien ahaleginak eta lorpenek saria izan zuten atzo Irungo Kirol Galan

Irungo Kirol Galak ohiko hitzordua izan zuen atzo Ficoban. Guztira, 300 pertsona inguruk parte hartu zuten bertan. Irungo Udalak hiriko kirolari eta kluben garaipenak ospatzeko eta egindako lana eta dedikazioa saritzeko antolatzen duen ekitaldia da. Guztira, hauek izan ziren ekitaldian zehar banatu ziren sariak:  klubik onenaren saria, gizonezko kirolari onenarena, emakumezko kirolari onenarena, Txokolatezko baloia eta herri bozketa bidez aukeratutako Irundarron Saria.

Aysha Bengoetxea kantari irundarrak, La Voz Kids lehiaketaren 19. edizioan finalista izandakoak,eman zion hasiera ekitaldiari, bertaratuak txaloka jarri zituen emanaldi batekin. Ondoren, Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak hartu zuen hitza, izendatuak zoriondu zituen eta nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela, kirolari handiak miresteaz gain, gertuko erreferente lokalak izatea, belaunaldi gazteak inspiratzeko: «Batzuetan, pertsonaia handien miresmenean galduta, ondo-ondoan dauzkagun figurak ahazten ditugu: Haimar Etxeberria, Irune Muguruza o CD Bidasoako jokalariak saritu ditugu, besteak beste, Irungo kirolaren gala honetan. Haien lana eta ibilbidea egungo gazteentzako eredu eta etsenplu dira».

Ordezkariaren hitzartzearen ondoren, Iñigo Villamía aurkezleak Irundarron Sarirako nominatu guztiak oholtzara igotzera gonbidatu zituen, beren opariak jasotzera.

Jarraian, galaren unerik hunkigarriena iritsi zen: sari-banaketa. Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak klub onenaren saria irabazlea iragarri zuen: aurten, CD Bidasoa, Asobal ligako txapeldunorde izateagatik eta Europako ibilbidean erakutsitako maila bikainagatik.

Klub onenaren sariaren ondoren, Juanma Garatek gizonezko kirolari onenaren saria eman zion Haimar Etxeberriari, debut profesionalagatik eta Bidasoko Itzuliko lasterketan eta beste hainbatetan lortutako etapa garaipenengatik.

Bestalde, Irune Muguruza atletak emakumezko kirolari onenaren saria jaso zuen lehen alkateorde Nuria Alzagaren eskutik. Espainiako 23 urtekoen azpiko txapelduna da 400 m-ko hesi-lasterketan, eta Euskadiko marka absolutua dauka.

Txokolatezko baloia

Aysharen bigarren emanaldi baten ondoren, Juanma Garate txirrindulari ohiak etxeko saria jaso zuen, hau da, Txokolatezko baloia, Cristina Laborda alkateak eta Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak entregatuta. Etxean eta nazioartean txirrindularitzaren ikono bat izatera eraman duen ibilbide bikaina saritzeko golardo bat.

Aintzatespen bereziak

Kirol munduko arrakastak saritzeaz gain, aurten galan tarte bat hartu zuten kirolarekin lotutako pertsonak ere omentzeko. Honako hauek jaso zuten aintzatespen berezia: Teresa Errandonea atleta ohia, Espainiako txapelduna bost aldiz kategoria absolutuan eta Tokioko 2020ko olinpiar jokoetan; Mario Capelete Real Unióneko futbolari ohia; Itziar González de Arriba Real Madrileko nutrizionista; Bidasoko Itzuliaren antolakuntza taldea; BTS Mayumi Volei emakumezko boleibol taldea eta BATeko beteranoen taldea.

Irundarron Saria

Galaren amaierako puntu gorena Cristina Laborda Irungo alkateak jarri zuen, herri bozketa bidez aukeratutako Irundarron Saria entregatu baitzion Naroa Zubimendi Santiagotarrakeko arraunlariari.

Cristina Laborda alkateak saritu guztiak zoriondu zituen, bai eta nominatuak ere, eta gogora ekarri zuen Udal gobernuaren asmoa dela Irungo kirola ospatzen jarraitzea, agerian uzten baititu «nork bere burua gainditzeko gogoa, kirolari, klub eta elkarteen borondatea eta jarraikitasuna, urterik urte harritzen baikaituzte askotariko kiroletan lortutako garaipenekin».

Gainera, kirol egokituaren inguruko argazki-erakusketaren harira, alkateak kirol egokituko kirolarien  «izugarrizko indarra» goraipatu zuen, «erabakimen, jarraikitasun eta gainditzearen erakusgarri».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude