Santiagotarrak klubeko ur bizien atalak bere hastapenak gogoratu ditu 50. urteurrenaren harira

Santiagotarrak klubeko ur bizien atalak 50 urte bete ditu. Urteurrenaren harira, begirada atzera bota eta Javier Martinez Vesga, Musku, eta Juan Ramon Urtizberea, Mon, klubeko atal honen sorreraz aritu zaizkigu, sorreraren lekuko zuzenak izan ziren eta, nahiz eta orduan ez zituzten imajinatu ere egin klub irundarrarekin batera biziko zituzten abentura guztiak.

Juan Ramón Urtizbereak gogoratu duenez, “Santiagotarrak klubean hasi ginen 1968tik aurrera”. Garai hartan Pirinioetako klubak gonbidatzen zituzten Bidasoaren jaitsieretan parte hartu zezaten eta ur bizietako piraguismoko taldeak ziren haiek. “Endarlatsako presan salto egiten zuten eta helmugara heltzerakoan eskimotajea deiturikoa egiten zuten”, aipatu du Monek.

Muskuk aipatu duenez, Tonnaiseko klubeko palista batek eskimotajearen teknika erakutsi zien. Izan ere, orduan ur bizietako piraguismoa Espainiako Txapelketetara mugatzen zen soilik, normalean uztailean La Seu d’Urgell eta Sorten egiten zirenak. Ur bizietan jaisteko lehen piragua erosi ondoren, teknika automatizatu eta piragua mota horietan nabigatzen ikasi zuten. Dena den, lehen piragua hori Endarlatsako presatik salto eginda galdu zuten. “Ibaian egin genituen lehen urratsak benetako abenturak izan ziren, ez baikenituen ezagutzen ez ibaia, ezta teknika ere”, adierazi du Muskuk.

Ibaian egin genituen lehen urratsak benetako abenturak izan ziren, ez baikenituen ezagutzen ez ibaia, ezta teknika ere”

Javier Martínez Vesga, Musku

Horrela, Bigarren mailako Ibaien Txapelketa sortu zen egutegia zabaltzeko eta Espainiako Txapelketara hobeto prestatuta iristeko. Bertan parte hartzen hasi ziren Juan Laredo, Juan Carlos Arrazola, Javier Martinez eta Juan Ramon Urtizberea. Horretarako, Dransard-Gaud Petit-en Canoe Kayak liburuan idatzitako printzipioetan oinarritutako teknika entrenatzen hasi ziren, ur bizietako entrenamenduak urte osora zabalduz. Lehiaketan lortutako sailkapenaren sari gisa, slalomaren hastapen ikastaro batera gonbidatu zituzten Sorten 1975ean. Urtizbereak azaldu duenez, “gure irakaslea Ludmila Polesná izan zen, Munduko txapelduna Txekoslovakiarekin”.

Urrats txiki horiei esker pixkanaka taldea handitzen joan zen eta lorpen gehiago iritsi ziren. 1977an, jaitsierako lehen domina irabazi zuten eta sari gisa Vichyko slalom kontzentrazio batean parte hartzeko gonbidapena jaso zuten. “Bertan kanal artifizial bat zegoen eta etxera itzultzerakoan federazioak erabilitako slalom piraguak laga zizkigun”, aipatu du Muskuk. Aukera aprobetxatuz, negu hartan, behin slalomaren teknika ezagutu ostean, ur biziko slalom figurak lantzen hasi ziren, oraindik ibaian slalom aterik izan ez arren.

1978an uztailean Seoko slalomean eta Bourg St Mauricen jokatu zen Europako Kopako finalean parte hartzeko plaza lortu zuten. Lehiaketa hartatik bueltan, Espainiako Txapelketa jokatu zen eta Juan Ramon Urtizberea K-1ean, Musku C-1ean eta Juanjo Olazabal K-1 Juniorrean bigarren izan ziren. Horretaz gain, bigarrenak izan ziren slalom patruiletan eta hirugarrenak jaitsierako patruiletan.

Jaitsieretatik slalometara

Juan Laredok, ur bizien batzordearen bitartez, eremu bakoitzerako slalomgune bat lortu zuen eta slalomak urte osoan zehar antolatzen hasi ziren; ordura arte, urtean proba bakarra egiten zen, Txapelketa. Muskuk azaldu duenez, “orduan hasi ginen Bidasoa Ibaiko Slaloma antolatzen, lehenik Etxalarko karobietan eta ondoren San Migel inguruan”. Monek eta Muskuk azpimarratu dutenez, Bidasoko lehen slalometik aurrera, batez ere senide eta lagunek osatutako laguntza talde bati esker atera ahal izan ziren aurrera txapelketa haiek. “Gaur egun, arbitro batzorde bat dago, baina hasieran eta urte luzez, senide eta lagunak izan ziren ate, irteera eta helmugako epaileak”, erantsi du Monek.

Entrenatzeko obsesioak ateak ura mugitzen zen toki guztietan jartzera eraman zituen, Ibarlako errekastoa edo Artiako zubia entrenamendu bat baino gehiagoren lekuko izan zirelarik. Muskuk gogoratu duenez, “Plaiaundiko legar hobiak eta Bidasoko uharteetako bazter ezkutuak ere entrenamendugune izan ziren”. Azkenean, San Migel ingurua finkatu zen slalomeko entrenamendu eremu gisa.

“Taldea pixkanaka hazten joan zen, eta 1981-1982ko denboraldian kategoria guztietan kirolariak izatea lortu genuen”

Juan Ramón Urtizberea, Mon

1979an Juanjo Olazabal eta Juan Ramon Urtizberea Jonquiere Canadako Munduko Txapelketan lehiatzeko hautatuak izan ziren. Musku berriz, ur bizien batzordean sartu zen, eta urteko egutegi bat garatzen hasi zen, praktika eremu bakoitzerako asteburu osoa hartzen zuten jaitsierak eta slalomak antolatuz. Kirolari kopuruaren hazkundeari dagokionez, Monek nabarmendu du “taldea pixkanaka hazten joan zen, eta 1981-1982ko denboraldian kategoria guztietan kirolariak izatea lortu genuen”.

1981ean Balako eta 1983ko Meranoko txapelketetan parte hartu zuten. Lau kideko taldeak osatuz, horietako hiru Santiagotarrak taldekoak. La Seo taldeak Europako 86. kopako antolakuntza lortu zuen eta Santiagotarretako talde osoa lehiatu zen bertan. Horretaz gain, 1986ko Munduko Junior Txapelketak, 1987ko Mundialeko eta 1988ko Junior Mundialeko txapelketek Santiagotarren ordezkaritza izan zuten. Bartzelonari Olinpiadak eman zitzaizkionean Seu ur bizietako kirolarientzako etengabeko kontzentrazio leku bihurtu zen. Monek azaldu duenez, “proiektu horrek maila guztietako palistak eraman zituen bertara, eta Santiagotarrok ere ordezkaritza ona izan genuen bertan”.

Abagunea gaindituta

Erreferenterik ez izateagatik edo ziklo naturalagatik, ur bizien atalak, beherakada garai bat bizi izan zuen. 90eko hamarkadaren erdialdetik aurrera berriro klubaren atala berpiztu zen, eta gainera, nazioartean emaitzarik onenak lortuz. Urtizbereak azaldu duenez, “urte horietako lanari esker, gaur egun entrenatzaileak ditugu Espainiako errendimendu handiko zentroetan eta atzerriko talde nazionaletan”. Gainera, aldundiak eta Eskola Kirolak piraguismoan esku hartzeari esker slalomerako Eskola Umeen Txapelketa bat sortu zen, txikiei beren mailako lehiaketetan lehiatzeko aukera emanez. “Horri esker, maila altua mantendu ahal izan da lehiaketako taldeetan”, aipatu du Muskuk. Gaur, kategoria honetako probak ikus daitezke Santiago kaleko kanalean.

Etorkizuna

Egun, Monek eta Muskuk egungo Ur Bizien sailean inolako kargurik ez duten arren, ur bizietako atalaren etorkizuna bermatzeko ideiak ez zaizkie falta. Batetik, garrantzitsua ikusten dute talde teknikoari eustea, bertan jende gehiago sar dadin. Muskuk San Migelen instalazioa bukatzearen garrantzia azpimarratu du. Aldi berean, Aldundiak ibaiertza hobetu beharko lukeela azaldu dute, duela hamarkada bat baino gehiagotik prest duten plana garatuz. Horretaz gain, gogoratu dute sailaren erronkak beti izango direla materialik onena eta garraiorako eta atoietarako ibilgailurik onenak eskuratzea. Horri esker, kategoria guztietan taldea izatea, ahalik eta domina gehien irabaztea eta, jakina, talde nazionaletan ahalik eta ordezkaritza handiena izatea posible izango da eta. Gainera, punta-puntan jarraitu ahal izateko, jardun politiko, soziala eta kirol jarduna gertutik jarraitzeko beharra ikusten dute. Azkenik Mon eta Muskuk Slaloma Programa Olinpikoaren barruan mantentzea beharrezko ikusten dute, hori ona eta ezinbestekoa izango baita, aurreko nahi guztiak bete daitezen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude