Apirilaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira aurtengo jaiak iragartzeko kartel proposamenak

Argazkia: Estudio Gover

Irun San Pedro eta San Martzial jaien ospakizunetan murgiltzeko atzera kontua hasi da. Horrela, Irungo Udaleko Kultura Arloak jakinarazi duenez, apirilaren 7an hasiko da 2025eko jaiak iragartzeko kartelerako proposamenak aurkezteko epea. Lehen saria 1.200 eurokoa izango da, eta accesita, berriz, 300 eurokoa. Kartel proposamenak Amaia kultur zentroan jasoko dira.

Sanmartzialetako kartel sariketan parte hartu nahi dutenek formatu fisikoan aurkeztu beharko dituzte kartelak, 70 x 50 cm-koak, apirilaren 7tik 25era arte, bi egun horiek barne, Amaia Kultur Zentroan, Aureliano López Becerrako sarreran. Kartelak jasotzeko ordutegia hauxe izango da: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara, eta, igandeetan, 11:30etik 13:30era. Era berean, posta bidez bidali ahalko dira ere.

Testu hau idatzita agertu beharko da kartelean: “IRUN SAN PEDRO – SAN MARTZIAL 2025 Ekaina-Junio”. Oinarriei buruzko informazio guztia, Udalaren webgunean aurkituko duzu.

Kartel irabazlea aukeratzeko epeak

Apirilaren 29an, Batzorde Artistikoak bilera egin, eta finalistak aukeratuko ditu.

Maiatzaren 5etik 15era, bi egun horiek barne, aukeratutako kartelak Udalaren webgunean ikusgai egingo dira, herritarrek bozkatzeko, eta, maiatzaren 16an, Batzorde Artistikoak emaitzen berri emango du.

Aurkezten diren lan guztiak Amaia KZko erakusketa aretoan ikusgai jarriko dira, ekainaren 13tik 29ra arte, bi egun horiek barne.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude