Aurtengo udal aurrekontua ia 4 milioi euro handitzea proposatuko dute maiatzeko osoko bilkuran

Irungo Udalak, Ogasun Arloaren bidez, kredituak aldatzeko eta aurtengo udal aurrekontua handitzeko proposamen bat aurkeztu du, lau milioi euro ingurukoa; zehazki, 3.987.048 eurokoa. Izan ere, 2024ko aurrekontuaren likidazioak 5,2 milioi euroko geldikina eman zuen, eta, hain zuzen ere, horri esker handituko da udal aurrekontua. Gobernu Irekiko Informazio Batzordeak gaur egin duen bilkuran aurkeztu da proposamena, eta maiatzeko osoko bilkuran bozkatuko da.

Udalak hiri proiektua sustatzen jarraitzeko hartutako konpromisoari erantzuten dio aurrekontua handitzeak. Horrela, proposamen berriak gauzatu ahalko ditu Udalak, segurtasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzeko, kirola sustatzeko, auzoak eraldatzeko eta gizarte ongizatea (bereziki, ikasle eta adinekoena) handitzeko, herritarren egungo behar errealei erantzunda haien eguneroko bizitza hobetzeko egindako apustu irmoaren ildotik.

Aurrekontua handitzearen emaitzak

Kreditu aldaketa honen barruko zenbatekorik handieneko aurrekontu saila Elizatxo hiribidea urbanizatzeko lanen lehen faseari dagokio, 700.000 euro baita –gainera, beste 1.700.000 euro gorde dira datorren urterako–. 2024ko martxoan hasi ziren lanak, eta, lehenengo fasean, bidea birmoldatu eta oinezkoentzako eremu berrurbanizatu berri bat sortuko da.

Era berean, Berio kaleko proiektua eguneratuko da, eta, 250.000 euroan, Junkaleko etxeetako parkean esku hartuko da.

Mugikortasun jasangarriaren alorrean, 650.000 euro autobus elektriko berri bat erosteko erabiliko dira, eta, horrela, Irunbusen flota osoa elektrifikatuko da. Gainera, kontzientziazio kanpaina bat egingo da, autobusetan bertan, garraio publikoan errespetua eta bizikidetza nagusitzea bultzatzeko.

Aurrekontu aldaketak herritarren segurtasuna hobetzea ere ekarriko du: laguntzaile berriak sartuko dira Udaltzaingoan, agenteak libratzeko eta eguneroko lanaren eraginkortasuna handitzeko, eta, horri esker, polizia gehiago izango dira kaleetan, herritarrei hiri seguruagoa eskaintzeko. Era berean, bide publikoan dauden animaliak jasotzeko zerbitzu berri bat kontratatuko da, haiei arreta emateko leku egoki bat barne.

Bereziki, Udalak gizarte gaiak sustatu nahi ditu, eta, horregatik, gizarte zerbitzuak sendotzen jarraituko du, oroitzapen eta dolu perinatalerako gune bat martxan jartzeko azterketa bat eginda, ikastetxeetan adingabeen osasun mentala sustatzeko zerbitzua abian jarrita, aurrez aurreko gymchess tailerrak, Bizi Gogoz programa aurrera eramanda eta, oro har, adinekoentzako zerbitzuak hobetuta Iraso eta Luis Marianon.

Kreditu aldaketak hirirako kirol ekipamendu berrien beharrei erantzuteko bide orria eta lehentasunak zehazteko azterketa bat egiteko aurrekontu sail bat ere hartzen du barnean, erabilgarri dagoen aurrekontua kontuan hartuta betiere. Gainera, San Jose Obreroko futbol zelai artifizialaren berrikuntza (350.000 euro), Stadium Galeko zelaia berritzeko proiektuaren idazpena, Plaiaundiko kirol pistak konpontzea, Artaleku eta Azken Portu kiroldegietan egokitzapen eta konponketa lanak egitea eta kirol material berria erostea ere proposatzen du.

Azkenik, Eskubaloiko Errege Kopako azken fasea antolatzeko aurrekontu sail espezifiko bat bideratu da. Zortzi taldek jokatuko dute, Artaleku kiroldegian, ekainaren 6tik 8ra, eta, azken batean, goi mailako ekitaldi bat izango da, hiria nabarmen proiektatuko duena kirol arloan zein turismoaren eta ekonomiaren arloetan.

Hiritarren proposamenei erantzuteko

Irungo alkate Cristina Labordaren esanetan, “aurrekontu sail berri hauek herritarrei entzuten, proposamenak jasotzen eta erantzun arin eta eraginkorrak emate aldera arduraz jokatzen jarraitzen dugun adierazgarri garbia dira”. Alkatearen arabera, proiektu jakinetan aurrera egiteko eta haien bidez ingurunea hobetzeko, kirol eta mugikortasun zerbitzu publikoak sendotzeko eta gizartearen beharrei eraginkortasunez erantzuteko ekimenak dira. “Aurrekontuari gehitzen diogun euro bakoitzak egiazko behar bati erantzuten dio”, erantsi du Labordak.

Ogasuneko ordezkari Nuria Alzagak nabarmendu duenez, berriz, “geldikina erabiltzea Irungo Udalaren osasun ekonomiko finantzario onaren erakusgarri da berriro, eta sendo aurrera egiteko bide ematen digu. Gainera, arduratsuak izan gara, geldikinaren zati bat gorde baitugu ezer gertatuko balitz ere, aurrekontuaren egonkortasunari eusteko eta beharrezkoa bada azkar erantzun ahal izateko”. Bide batez, Alzagak udal taldeen ekarpenak entzuten jarraitzeko prestasuna adierazi du, aurrekontua adostasunean oinarrituz handitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude