Irungo Udaleko Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako Arloak jakinarazi duenez, ostiraleko 20:00etatik larunbateko 06:00etara arte Andrearriaga ibilbideko zirkulazioa etengo da. Teileria kaleko pasabidea eraisteko lanen barruan, lan espezifiko batzuk egin behar omen dira. Lanak abiadura handiko trena, hirugarren haria izenez ezaguna den plana, hirira ekartzeko proiektuaren esparruan kokatzen dira
Etenaldiak Katea zeharkatzen duten autobusen ibilbidean izango du eragina, autobusek ez baitute izango Andrearriaga ibilbidetik pasatzerik. Era berean, ibilgailu ez-arinak ere ezingo dira pasatu. Ibilgailu arinek, berriz, beste bide bat egin beharko dute: Bizkaia, Harmugarrieta, Nafarroa Beherea eta Errota kaleak zeharkatu beharko dituzte Andrearriaga ibilbidera itzultzeko.
Arloak barkamena eskatzen du etenaldiak eragiten dituen eragozpenengatik, eta eskerrak ematen dizkie herritarrei aldez aurretik. Bide batez, ibilgailuen erabilera planifikatzeko eskatzen die aipatutako denbora tarterako.



