Larunbat honetan, azaroaren 8an, 21:00etatik aurrera, Eneritz Furyak irundarrak kontzertua emango du, CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroan. Artistak Idoia Hernández Hatxe konpositore errenteriarra izango du ondoan.
Emanaldira joan nahi dutenek, sarrerak eskuratu ahalko dituzte Udalaren webgunean, Luis Marianoko turismo bulegoan edo Amaia KZko txarteldegian eta, emanaldia hasi baino ordubete lehenago betiere sarrerarik geratzen bada, CBAko bertako txarteldegian, 5,50 euroan.
Eneritz Furyak
HHH Eneritz Furyak musikariak Emadan diskoaren ondoren landutakoaren emaitza da, lehen entzunaldian bertan aldaketa iradokitzen duen disko berria. Argia lehen aurrerapenean bertan bere soinuaren eta zuzeneko formatuaren eboluzioa erakutsi zigun. Bideoa EITB Kulturak estreinatu zuen, eta bira honetako kontzertuak nolakoak izango diren azaldu; aurreko esperientzietako testurak elektronikaren kudeaketa berri baten gainean.
Emadan eta HHH disko luzeen artean hainbat gauza gertatu dira: Emaizkidan (Emadan diskoko remixen bilduma), Felis katua (Nerea Arrien idazlearen Zoonomia liburuko Felis katua poematik abiatzen den kantua). Gainera, “Paisaiak” proiektuan murgilduta egon da Eneritz, Europako hainbat lekutan landutako pieza esperimentalak sortzen. Horrek guztiak, artistaren errutinei gehituta, hainbat ñabardura erantsi dizkio HHH diskoari. Berak diskoko liburuxkan aipatzen duenez, “barearen ostean, zurrunbilotik ateratzeko tresna edo aukerarik gabe, auto bidaietan telefono mugikorrean grabatutako ahots melodiak etorri ziren saldoka, letra zatiak hor-hemen, eta egongelako pianoan utzitako bertso eta akorde antisatiriko batzuk ere”.
Bizipen horiek guztiek Eneritzen etorkizun artistikoaren norabidea erakusten digute; esperimentazioaren, poparen, tradizioaren eta sintetizadoreekin jolasean emandako orduen arteko sinergia, bere belaunaldiari dagozkien gaien eta gai pertsonalen inguruan. Irundarraren soinu berria dakarren disko berri bat. Urrunago post folketik, eta gertuago popetik, baita dantzatik ere. Erritmika markatuagoak eta agertu eta desagertzearekin bat loturak eratzen dituzten eta melodiak nabarmentzen dituzten perkusioak. Synthpopetik atera litezkeen melodiak eta Leonie Pernetek, Juana Molinak, Ela Minusek, Lucrecia Daltek, Mansfield.TYAk, Coco Rosiek… eta antzeko artisten lanak inspiratutakoak, baita noisea eta itxurazko argitasuna distortsionatzeko helburua duten elementuak.
Pinturak ere badu lekua lan honetan, Aidan Hermans artista curaçaotarraren landa azterketan oinarritutako artelanarekin, baita dantzak ere, diskoaren aurrerapen izango diren bideoklipetako batean, zeina oso modu berezian erakutsiko den.
Hatxe
Idoia Hernández Hatxe-k konpositore gisa duen ibilbidea diziplinartekotasunari zuzendu zaio bereziki. Antzerki, dantza eta poesiarako musika sortzeak artista gisa bereizi du. Izan ere, ez da gauza bera abesti bat sortzea eta eszena baterako musika konposatzea, azken kasuan narratibak musikaren egitura lehenesten baitu. Hortik dator bere kantuen berezitasuna, narratiba gailentzen baita, eta gakoa ez dira hitzak bakarrik: musikaren egitura da non gauden eta zer sentitzen dugun kontatzen diguna.
Idoiak Oiartzungo Ibargain eskolan pianoa ikasi zuen sei urtez, eta, Ingeniaritzako ikasketak egin ondoren, 2014an, musikara itzuli zen, Fredy Peláezekin (harmonia modernoa eta moldaketak) eta Asier López Iraola konpositorearekin (analisiak, oinarriak eta musika garaikidea). 2017an argitaratu zuen bere lehen lana, Lehena, pianoko hamaika piezako diskoa, eta 2020an bere bigarren lana, Panpin hautsien dantza, Peru Galbete (ahotsa), Jurdana Otxoa (biolina) eta Ilargi Agirre (bateria) lagun. 2022an, Panpin hautsien dantza 2 argitaratu zuen, crowdfunding kanpaina bati esker, eta, horrekin batera, Panpina, Zauria eta Kali bideoklipak sortu ditu.
2bat proiektuan parte hartzen du, Oscar Manso poeta eta musikariarekin, eta hainbat performance ikuskizunetan esku hartu du, Metrokoadroka Sormen Laborategia kolektiboarekin. Enkarguak ere egin ditu, hala nola Kukai, NeriHari eta Ai Do Project dantza konpainien ikuskizunetako musika (2021); EIZIE elkartearen Senez aldizkariaren 50. zenbakia ospatzeko abestia (2018); konfinamenduan, Errenteriako Udalaren Kultur Labea ekimenerako bideo poetikoa (2020); Oiartzungo Udalaren Kulturbirusa ekimenaren barruan, Eneko Gil dantzariarekin batera egindako Hiru biñaka ikuskizun txikia (2020); Booktegirekin elkarlanean, Harkaitz Canoren Azken aurreko manifestua musikatzea. Azkenik, azpimarratu behar da Idoia Musikariko zuzendaritzako kidea dela beste sei musikarirekin batera. Errenteriako Mikelazulo Kultur Elkarteko kide ere bada: Mikelazulo, erreferentzia gune bat Errenterian, hainbat alorretako artisten etxea izateagatik, Dejabu Panpin Laborategia, Errenterian bizi den antzerki konpainia, Metrokoadroka konpainia, Oier Guillán, Asier Sarasola eta Oscar Manso idazleak, Idoia Beratarbide eta Ibai Maritxalar artista plastikoak eta Álvaro Ledesma eskultorea barne.



