Igandera arte luzatuko dira Haur eta Nerabeen Eskubideen Egunarengatik antolatutako ekintzak

Gaur, azaroak 20an, Haur eta Nerabeen Eskubideen Eguna ospatzen da. Arrazoi hori dela medio,  Irungo Udaleko Gazteria Arloak, GazteARTEan-ek, UNICEFekin elkarlanean, haur eta nerabeentzako eta haien senideentzako egitarau oparo bat prestatu du, igandera arte iraungo duena.

“Piztu haurren eskubideen alde” lelopean, ekimenak haur eta nerabeentzat ingurune digital segurua eraikitzea aldarrikatuko du, eta, horretarako, egitarau oparo bat eskainiko du: Alberto Soler psikologo, idazle eta dibulgatzailearen hitzaldi bat eta jarduera ludikoak, hala nola Jon Benet artista irundarraren tailer bat.

Irungo Udaleko Hezkuntza eta Gazteriako ordezkari Sandra Caballerok eman ditu azalpenak, Aitor Espierekin eta Emhan Espazioko, Ekoetxea Txingudiko, Santiagoko Deabruak kultur elkarteko eta Txikis del Bidasoa elkarteko ordezkariekin batera. Adierazi duenez, “egun hau oso garrantzitsua da, eta funtsezkoa da Udala ospakizunetara batzea haur guztien eskubideak ezagutarazteko eta zer garrantzizkoak diren azpimarratzeko; bereziki, babesgabeenenak. Egun hauetarako prestatu dugun egitarauaren bidez, haur eta nerabeek gaur egun dituzten arazoei helduko diegu; batez ere, herritarrak kontzientziatzeko eta hiriko gazte guztien ongizate, garapen eta heziketaren alde lan egiteko”.

Azaroaren 20an bertan

Alberto Soler psikologoak teknologiaren erabilera arduratsuari buruzko hitzaldi bat emango du,  “Pantailak: mugak, zaintzeko. Ados jarriz eta errespetuz laguntzea” izenburukoa, CBAn. Hala ere, toki guztiak beteta daude dagoeneko. Soler Psikologiako lizentziatua da, Psikologia Klinikoko eta Osasunaren Psikologiako masterra egin du, eta psikologo orokor sanitarioa da. Hogei urtetik gorako esperientzia du familiei eta helduei laguntzen, eta Haurren Osasun Mentalaren aldeko UNICEFen Eragile Anitzeko Aliantzako kidea da. Alberto Soler Psikologia Zentroa zuzentzen du, Valentzian, eta Píldoras de psicología podcast eta bideobloga sortu du. 1.000.000 jarraitzaile baino gehiago ditu sare sozialetan,

Hiriko gaztelekuek ere helduko diete nerabeen eskubide digitalei. Martindozenea gaztelekuan, gaur bertan, “No seas estrella” bideoa ikusi, eta sare sozialetako erabiltzaileen esposizioari buruz eztabaidatuko dute: bideojoko baten bidez, hausnartuko dute zer segurtasun neurri hartu beharko liratekeen sare sozialetan eta nola erabil daitezkeen sareok modu dibertigarrian.

Artian, berriz, beste bideojoko baten bidez, ikusiko dute zer garrantzitsua den nerabeak modu seguru eta arduratsuan jardutea mundu digitalean: informazio pertsonalaren babesa, pasahitz seguruen sorrera, pentsamendu kritikoa eta errespetuzko tratua.

Bestalde, Haurtxoko bakoitzak haurren eskubideei buruzko mural bat sortu du, eta, hilaren 23ra arte, Zabaltza plazan jarriko du.

Igandera bitarte

Irungo Udalak hilaren 21etik 23ra arteko egunetarako jarduerak ere antolatu ditu. Lehenik, hilaren 21ean, Jon Benet Jonbismo artista irundarrak familientzako eskultura tailer bat emango du, baina bertan parte hartzeko toki guztiak beteta daude dagoeneko. “Reencuentro” erakusketaren harira, gaur egun CBAko Kultura eta Sorkuntza Zentroan ikusgai dagoena, antolatu da.

Bigarrenik, hilaren 22an, 17:00etan, CBAn, IrekiART gunean, LaEnanaNaranja konpainiak euskarazko hamar abesti ezagun hartu, eta beste erritmo batzuekin kantatuko ditu: Txiki txikia eta Txan txibiri, besteak beste, reggae, rap eta blues doinuetan. Sarrera doakoa izango da.

Azkenik, hilaren 23an, igandean jolasak Irun hartuko du. Nolanahi ere, eguraldi txarra iragarri dutenez, Zabaltza plazan egitekoak ziren jolas eta tailerrak Martindozenea gaztelekuan egingo dira, 11:00etatik 13:00etara arte.

11:00etatik 13:00etara, Irungo eta Hondarribiko hainbat entitateren eskutik, gaztelekua jolas eta tailerrez beteko da: betiko jolasak, Santiagoko Deabruak kultur elkartearen eta Emhan espazioaren eskutik; klera eskuetan sortzeko jolasak, Aitor Espieren eskutik, eta mugimendu jolasak, eta Txiki Festen eskutik; irakurketa, Parean elkartearen eskutik; eta ingurune naturalari balioa emateko jarduerak, Ekoetxearen eta Txinzerren eskutik.

La Pez konpainia 13:00etan haurrentzat ematekoa zen antzezlana, ordea, “Plaza. Sentimendu baten istorioa”, beste egun batean emango da, laster iragarriko dena.

Irun, haurren hiri laguna

Irun “haurren hiri laguna” da, UNICEFek 2021ean ofizialki izendatu zuenez. Proiektuaren helburua haur eta nerabeentzako politikak garatzeko, etengabe hobetzeko eta berritzeko bultzada ematea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude