Eskaria errealitate bat da dagoeneko: Avenida Zubia ‘Memoria Demokratikoaren Leku‘ izendatua izan da. Oroitzapenezko plaka agerian jartzeko ekitaldi instituzionala ostiral honetan egingo da Avenida zubian bertan, eguerdiko 12:00etan. Dena den, errekonozimendua gaurtik aurrera ofiziala da jada, zubia memoria demokratikoaren leku izendatzeko erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu baita Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen arabera.
Fernando Martinez Memoria Demokratikorako estatu idazkariak eta Irungo alkate Cristina Laborda izango dira ekitaldiko buruak. Haiekin batera, ordezkari instituzional eta sozialek ere parte hartuko dute. Ekitaldi honen bidez, Avenida zubia Memoria Demokratikoaren Lekuen Estatuko Inbentarioan sartuko da; alegia, Estatu osoan memoria historiko eta demokratikoa babestu eta zabaltzeko lekuen sarean.
Ostiral eguerdiko ekitaldiaren barruan, erbestearen eta errepresioaren biktimak oroitu eta omentzeko oroitzapenezko plaka bat jarriko dute agerian. Oroitzapenezko plaka Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzak aurreikusitako zabalkunde eta interpretazio neurrietako bat da, eta biktimak oroitzea eta erreparazioa ematea du helburu. Gainera, Avenida zubia memoria demokratikoaren lekua dela identifikatzeko eta herritarrei eta bisitariei historia ezagutarazteko balioko du.
Memoria kolektiborako lekua
Izendapenak zubiaren garrantzi, historiko eta soziala azpimarratzen du. Izan ere, zubiak harreman estua izan zuen Espainiako Gerra Zibileko gertakariekin eta errepublikanoen erbestearekin, eta, 1936ko erasoaren ondoren, milaka pertsonak indarkeriatik eta errepresiotik ihes egin nahian muga igarotzeko erabili zuten pasabide nagusietako bat izan zen. Horrela, Frantziarako exodoaren eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko defentsaren sinbolo bihurtu zen.
EAOn argitaratutako erabakiaren arabera, memoria kolektiborako garrantzi berezia duten gertaerak jazo ziren Avenida zubian, eskubide eta askatasunen aldeko borrokarekin, erbestearekin, errepresioarekin eta diktadura frankistarekin lotuak. Era berean, testuak nabarmentzen du zer-nolako balioa duen zubiak biktimen memoriaren erreferentzia materiala den aldetik eta zein esanguratsua den egungo eta etorkizuneko belaunaldiei balio demokratikoak transmititzeko.



