Náyade abesbatzak bere sormen proiektu berriena aurkeztuko du datorren apirilaren 18an, arratsaldeko 18:00etan, Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan. “Iraganetik hona” izenburupean, diziplina anitzeko emanaldi berezia prestatu dute, herriko historia eta doinuak elkarrekin lotzeko asmoz.
Emanaldi hau ez da ohiko kontzertu bat izango; esperientzia murgiltzailea izateko jaio da. Hiru ardatz nagusi izango ditu. Batetik, musika korala, Náyade abesbatzaren eskutik. Bestetik, musika instrumentala, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako ikasleek eta Ander Simal pianojoleak lagunduta. Azkenik, narratiba historikoak ere lekua izango du, Maria José Noain Maura historialariak gidatuko du kontakizuna.
Bidai bat XVI. mendetik gaur egunera
Kontzertua hiru zatitan banatuta egongo da, eta XVI. mendetik XXI. mendera arteko bidaia proposatuko dio ikusleari. Zati bakoitza historialariaren narrazioarekin hasiko da, garai bakoitzeko testuingurua eta pasarte esanguratsuak azalduz. Narrazio horrek zubi-lana egingo du ondoren etorriko diren musika-lanekin, garaian garaiko emozioak eta gizarte-aldaketak islatuz.
Proiektu artistiko honen helburu nagusia Hondarribiko biztanleen ahotsetatik abiatuta herriko historian murgiltzea da. Horrela, publikoak ez du soilik musika entzungo; kontakizun kolektibo baten parte bihurtuko da, emozioek eta herriko memoria partekatuak bat egiten duten bitartean.



