IrunBIXI Haur eta Nerabeen Parte-hartze Foroak hiria hobetzeko proposamenak aurkeztu ditu CBAko galan

Carlos Blanco Aguinaga (CBA) Kultura eta Sormen Zentroak IrunBIXI haur eta nerabeen parte-hartze foroaren gala berezia hartu du gaur, ekainak 8. Ekitaldi hau baliatuz, foroan parte hartzen duten gazteek hiria hobetzeko eta euren beharrei erantzuteko landu dituzten proposamen zehatzak partekatu dizkiote Udalari. Sandra Caballero Gazteriako ordezkariak gazteen ahotsaren garrantzia nabarmendu du, euren ikuspegia Irun denontzat egindako hiri bat izan dadin ezinbestekoa dela gogoraraziz. Horrez gain, gogoratu du UNICEFek Irun “Haurren Hiri Lagun” gisa aitortu zuela 2021ean, eta herriak duen Haur eta Nerabeen Planean gazte hauen parte-hartzea funtsezko zutabea dela.

Aisialdiari eta festari begira

2026an zehar, 9 eta 16 urte arteko ehunka haur eta nerabek egin dute lan gure hirirako proposamen hauek aztertzen eta lantzen. Egindako ekintzen artean, partaideek Irungo parkeak bisitatu, mapatu eta aztertu dituzte, argazkien bidez hobetu beharreko puntuak identifikatu eta proposamenak udal-teknikariei helarazteko, jarraipena egin dezaten. Sentsibilizazioari dagokionez, foroko kideek azpimarratu dute herritarrek zaborraren eta hondakinen gaineko ardura hartu behar dutela. Horretarako, hainbat elementu diseinatu dituzte: hazien azalak jasotzeko poltsa bereziak, txakurren gorozkiak biltzea gogorarazteko materiala eta parkeak garbi mantentzeko zein zigarro-puntak lurrera ez botatzeko panfletoak. Gainera, parkeak mugikorra erabili beharrean pertsonekin jolasteko eta hitz egiteko espazio gisa sustatzeko materiala sortu dute.

Aisialdiari eta festari begira, IrunBIXI foroak jaien egitaroan txertatuko diren hainbat ekintza zehatz proposatu ditu San Pedro eta San Martzial jaien barruan garatzeko, hala nola ur-jokoak eta Gaztegunean egingo den “Gazteconquis” trebezia-saioa. Horrekin batera, “Pintxo Lagun!” izeneko ekimen berezia diseinatu dute Artiako eta Martindozeneako Gaztelekuetan abiatzeko, gazteek jende berria ezagutzeko eta aisialdiaz lagunartean gozatzeko aukera izan dezaten.

Azkenik, foroan parte hartu duten nerabeek hirigunean espazio propio bat izatearen premia larria helarazi dute, adin bereko jendearekin elkartu ahal izateko. Gune hau irekia eta estalia izatea proposatu dute, barruan rokodromo txiki bat eta mahai-teniseko eremu bat integratuz, betiere elkarbizitza bermatzeko arau partekatu batzuen pean kudeatuko litzatekeena. Udalak proposamen guzti hauek jaso ditu jada, eta, teknikoki aztertu ondoren, bakoitzaren bideragarritasun eta garapen aukerak ebaluatuko ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude