Irungo Udalak Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egingo du berriro ere irailaren 16tik 22ra bitartean, herritarrak mugikortasun jasangarriaren onurez sentsibilizatzeko eta garraiobide ekologikoen erabilera sustatzeko asmoz. Sergio Javier Mugikortasun Jasangarriko ordezkariak eta Iñigo Bergés Segurtasun ordezkariak aurkeztutako egitarauak eragin pedagogikoa, prebentzioa eta bizikidetza izango ditu oinarri.
Gainera, aurtengo edizioan BIZIminutua udal kanpaina berria estreinatuko da —hiriko distantziak bizikletaz egiteko denborak erakusten dituen mapa—, Muxu eta Agur kudeaketa-sistema ikastetxe inguruetan urte osora zabaldu da eta Nagusikleta egitasmoak mugikortasun murriztuko pertsonei ibilaldiak eskainiko dizkie trizikloetan.
Iraileko hirugarren astean zehar mota guztietako jarduerak egingo dira Irunen. Irailaren 17an eta 22an bizikletan modu seguruan ibiltzen ikasteko tailer praktikoak eskainiko dira Ibarlako Bide Heziketako zentroan (izen-ematea HAZen edo udal webgunean egin behar da). Familientzako eta haurrentzako kultur ikuskizunek ere izango dute tokia: Faustinarekin Munduratuz irailak 18ean 18:00etan Palmera-Monteron) eta Markel eta Mugikortasun Iraunkorra irailaren 19an 17:00etan Pio XII plazan.
Igandero berezia
Igandean, irailak 20,ohiko Igandero jardunaldiaz gain, jarduera nagusiak bilduko dira Colon ibilbidean eta Zabaltza plazan. Hala nola haurrentzako Irungo Txirrindulari Elkarteak antolatutako jolasak, bizikletak apaintzeko zein konpontzeko guneak eta Mugi-ren escape room-a, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, bigarren eskuko Merka2dasoa azoka Txingudiko Zerbitzuek antolaturik eta 11:30ean abiatuko den Bizikleta Martxa Herrikoia, Ekoetxea Txingudiren eskutik.
Azkenik, irailaren 22an Autorik Gabeko Munduko Eguna ospatuko da, eta Colón ibilbidea garraio publikoari, larrialdietako zerbitzuei, oinezkoei eta mikro-mugikortasunezko ibilgailuei soilik bideratuko zaie 10:00etatik 19:00etara.



