‘Bizi Gogoz’ programak doako bost tailer eskainiko dizkie 60 urtetik gorakoei udazkenean

Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko Arloak ‘Bizi Gogoz‘ programaren udazkeneko egitaraua aurkeztu du. 2024an Aurrekontu Parte-hartzaileen bidez sortutako ekimen egonkor honen helburua da hiriko 60 urtetik gorako pertsonen sormena, ongizate fisiko zein mentala eta adinkideen arteko harremanak bultzatzea, doako jardueren bidez. Josu Iguíñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak azpimarratu duenez, tailer hauen bidez ikaskuntza jarraitua, jakin-mina eta pertsonen arteko laguntza-sareak sustatzen dira adinekoen aktibotasuna bermatzeko.

Urteko azken hiruhilekoko eskaintzak bost proposamen nagusi bilduko ditu. Irailaren 14tik aurrera, Itziar Sistiaga idazleak ‘Bazen behin nire bizitza’ idazketa-tailerra bideratuko du astelehenetan (17:00etatik 19:00etara). Urrian eta azaroan zehar, berriz, Olga Grande kazetariak ‘Ideien kluba’ komunikazio-saioak emango ditu ostiraletan Palmera-Montero Gunean, jendaurrean hitz egiteko segurtasuna lantzeko, eta Patxi Pérez aktoreak ‘Inprobisazio Antzerki tailerra’ gidatuko du ostegun goizetan Lekaeneko espazio sozialean.

Gainera, teknologia berriak eta kultura ere ikasturte berriaren ardatz izango dira. Urriko asteazkenetan Yeye Studioseko informatikariek ‘Adimen artifiziala, beldurrik gabe’ ikastaro praktikoa eskainiko dute Palmera-Monteroko zibergelan (17:00etatik 18:00etara), eguneroko tresnak segurtasunez erabiltzen ikasteko. Azaroan, berriz, Junkal Alfonso artistak Léon Bonnat margolari errealistari buruzko ‘+60 ART’ tailerra emango du asteartero Palmera-Montero Gunean, eta azaroaren 26an Baionako Bonnat-Helleu Museora irteera egingo da saioen osagarri gisa.

Izen ematea zabalik

Jarduera guztiak doakoak dira eta izen-ematea irailaren 15etik 25era arte egongo da zabalik Udalaren webgunean (www.irun.org). Plazak baino eskaera gehiago egotekotan, jendaurreko zozketa irailaren 28an egingo da (12:30ean) Palmera-Montero Gunean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude