Irungo Udaleko Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako Arloak jakinarazi duenez, bihar, irailaren 16an, Colón ibilbideko 10. eta 16. zenbakien arteko espaloia eta txorkoak konpontzeko lanak abiatuko dira. Puiana eta Urdanibia auzoetan antzeko jarduketak egin ostean, eremu honetako zuhaitzen sustraiek zoladuran eragindako deformazio zein kalteak konpontzeari ekingo zaio.
Arazoari irtenbidea emateko, zuhaitzen txorkoak zabalduko dira, sustraiek garatzeko espazio handiagoa izan dezaten. Lanak egin ahala, lurraren iragazkortasuna hobetzeko teknika espezifikoak erabiliko dira, etorkizunean zoladuran eragin ditzaketen kalteak murrizteko asmoz. Txorkoen arteko zoladura eta bankuen eremuak konpontzeaz gain, espaloi osoa fatxadaraino berriztatzea aztertzen ari da Udalak, profil zein malda egokiak berreskuratzeko.
Zirkulazioa uneoro bermatua
Urbycolan S.L. enpresa esleipendunak bideratuko dituen lan hauek hiru aste inguruko iraupena izango dute. Obrak egin bitartean, oinezkoen zirkulazioa zein inguruko denda eta atarietarako sarbidea bermatuta egongo dira une oro, lanetarako behar-beharrezkoa den espazioa soilik hartuz. Udalak barkamena eskatu du lanek eragin ditzaketen eragozpenengatik eta eskerrak eman dizkie herritarrei beren ulermenagatik.



