Sexu Esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Txingudiko Elkarte Feministak kaleko performance bat antolatu du irailaren 23rako Irunen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin bideratutako ekimen honen helburu nagusia da pertsonen trata eta sexu-esplotazioa ikusaraztea zein publikoki salatzea. “Inor ez dago salgai: pertsonak ez dira merkantzia” lelo nagusitzat hartuta, sentsibilizazio-ekintzak herritarrengana hurbiltzea da asmoa.
Ibilbideak lau geldialdi egingo ditu arratsaldean zehar. Ekitaldia 19:00etan abiatuko da Txanaletan, eta ondoren Topoaren atean egingo da saio berri bat 19:30ean. Jarraian, 19:50ean Zabaltza plazan egingo dute performancea, eta azken ekintza 20:15ean izango da República Argentina kalean. Elkarteak herritar guztiak gonbidatu ditu mobilizazio zein kaleko ekintza hauetan parte hartzera.



