‘Mintzalaguna’ egitasmoaren edizio berria abiatu dute Irunen euskararen erabilera eta praktika bultzatzeko

Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak, Udal Euskaltegiarekin lankidetzan, ‘Mintzalaguna‘ egitasmoaren ikasturte berria aurkeztu du. Euskara ikasten ari direnei mintzapraktikarako gune eroso, lasai eta dinamikoak eskaintzea da ekimenaren helburu nagusia. Talde hauetan parte hartzea guztiz doakoa da eta izen ematea emateko epea ikasturtea amaitu arte zabalik egongo da, aurrerago egitasmora batu nahi dienei ere lekua egiteko.

Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak azaldu duenez, programak hiztun berriak eta aktiboak sortzea, harreman-sareak jostea eta hiriko paisaia linguistikoan eragitea du xede. Horrez gain, azken urteotako parte-hartze zabala azpimarratu du, bereziki gazteen eta jatorri anitzeko herritarren aldetik izandako erantzuna balioetsiz: “25 kide izatetik, iaz 116 kide izatera pasa zen Mintzalaguna programa Irunen”.

Parte hartzeko baldintzak

Egitasmoan parte hartzeko ezinbestekoa da 18 urtetik gorakoa izatea eta euskaraz komunikatzeko gutxieneko gaitasuna izatea. Taldeak 4 eta 6 pertsona artean osatuko dira, bi rol nagusitan banatuta: ‘bidelariak’ (euskara praktikatzea helburu dutenak) eta ‘bidelagunak’ (euskara hitz egiteko ohitura duten boluntarioak). Talde bakoitza urritik ekainera bitartean bilduko da astean behin gutxienez ordu betez, ikasturte osoan zehar 40 saio inguru eginez. Hasiera batean, astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez eta larunbat goizez izango dira saioan hurrengo orduetan: 9:15, 10:00, 11:00, 12:00, 15:00, 16:00, 17:00, 18:00, 19:00 eta 20:00.

Ainara Maia bidelagunak aipatu duenez, “Mintzalaguna egitasmoari esker lagun talde bat sortzen da, euskara praktikatzeko gune bat eskaintzeaz gainera”. Berarekin bat dator Ana Calvo ere, “Bidelagunek, taldea gidatzeaz gain, bidelarien partetik ere zerbait ikasten dugu” erantsiz. Pakita Etxegoienek berriz, egitasmoa aurrera eraman ahal izateko espazio egokien beharra aldarrikatu du, hirian euskaraz aritzeko espazio aproposak eta erosoak beharrezkoak direla adieraziz.

Ohiko saioez gain, jarduera osagarriak ere antolatuko dira, hala nola irteerak, tailerrak eta topaketak, parte-hartzaileen aisialdia eta parte-hartze soziala aberasteko. Mertxe Gerriko eskualdean Mintzalaguna programaren arduraduna da ekintza oagarrien garrantzia azaldu du: “gustatzen zaigun zerbait egiten ari garen bitartean, errazagoa zaigu euskara praktikatzea”. Hori dela eta, Gerrikok gogorarazi du jarduera osagarrietan parte hartzeko aukera guztiz irekia dela, Mintzalaguna egitasmoko kide direnentzat eta ez direnentzat. “Horrela, astero Mintzalaguna egitasmoko hitzorduetan parte hartu ezin dutenek, tarteka bada ere, euskara praktikatzeko aukera dute ekintza hauen bitartez”, erantsi du Mertxe Gerrikok.

Azken edizioan egitasmoak harrera bikaina izan zuen hirian, 120 pertsonak parte hartu baitzuten (102 bidelari eta 18 bidelagun), 21 taldetan antolatuta. Ikasturte berrian izena emateko epea zabalik dago jada, eta interesdunek Udalaren webgune ofizialean (www.irun.org) dagoen ‘Mintzalaguna’ ataleko formularioa betez eman dezakete izena, beste bide batzuen artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude