Irunabar elkarteak prest dauka 2026-2027 ikasturterako eskaintza, haur, gazte zein helduentzako bertso eskolak doan eskainiz Txingudi eskualdean. Jon Luzuriaga eta Abel Zabalaren esanetan, helburu nagusia bertsotarako zaletasuna piztea eta harrobia sendotzea da, hitzak oinarri hartuta elkarrekin jolastuz eta doako jardueren bidez bertsoarekiko eskuragarritasuna bermatuz. Parte hartu nahi duen orok Irunabarren webgunearen bidez eman dezake izena eta elkartetik deialdi berezia egin diete emakumeei parte har dezaten, eskualdean gaur egun bertsotan aritzera emakume gutxi animatzen direla azpimarratuz.
Nolako eskaintza du Irunabarrek 2026-2027 ikasturterako?
Jon: Aurten, beste urteetan bezala, bertso eskolak martxan jartzea da gure asmoa. Asmo horrek bultzatuta, eskaintza zabaldu dugu eta bertso eskoletan parte hartzeko prest dagoen jendearen araberako eskaintza antolatzen saiatuko gara. Printzipioz jada lotuak dauzkagu Irunen, Txingudin, eta Hondarribian, Talaian, Lehen Hezkuntzako gaztetxoekin egingo den bertso eskola bana. Gainera, Jaizubian egiten dugun bat-bateko bertso eskolari ere eutsiko diogu. Hiru horiek baieztatuta, gure asmoa da beste bi edo hiru bertso eskola sortzeko jende nahikoa edukitzea. Bata, gaztetxoena eta nerabeena litzateke, iaz Igaurirekin bertso eskolan aritu direnentzat pentsatua. Helduen kasuan, bat-bateko hasi berrientzako taldea izan nahiko genuke eta, posible balitz, bertsotan aritzen jarraitzeko beste talde bat ere. Hori izango litzateke ideala, orain jende nahikoa ote dugun ikusi beharko dugu.
“Aipatzekoa da ere, bertso eskola guztiak doakoak direla, beraz, ez da ezer ordaindu behar horietan aritzeko”
Abel Zabala, Irunabarreko kidea
Abel: Adin mugarik ez dago. Gaztetxoek Jonek aipatu duen talde hori dute. Beste taldeetan, berriz, ez dago adin mugarik. Aipatzekoa da ere, bertso eskola guztiak doakoak direla, eta beraz ez da ezer ordaindu behar horietan aritzeko.
Nola kudeatzen dituzue izen–emateak?
Jon: Irunabarren webgunea informazio posten bidez eguneratzen dugu. Hor parte hartzen dugun ekitaldien berri ematen dugu, ikasturterako dugun eskaintza argitaratzeaz gainera. Beraz, informazio guztia bertan dago, epea noiz arte irekia dagoen eta baita gurekin harremanetan jartzeko bideak: irunabar@irunabar.eus helbidera idatzi daiteke zalantzak argitzeko. Bertso eskolak berez bat-batekoa lantzeko pentsatuak daude, baina horretaz gain, bertsoekin interesa duen edozein jar daiteke gurekin harremanetan.
Nolakoa da bertso eskolen dinamika?
Jon: Hori bertso eskola bakoitzaren araberakoa da. Adibidez, Jaizubian egiten dugun bertso eskolan, bertsotan badakigunez, gaia jarri eta, besterik gabe, bertsotan aritzen gara elkarrekin. Hasiberrien edo nerabeen taldeetan berriz, helburua bertsoa ezagutzea eta hitzekin jolastea da. Abel eta ni, adibidez, ez gara inoiz irakasle izan, azken urteetan Igauri aritu da eta berak egiten duen planteamendua jolasaren bidezko lanketa da, hitz jokoaren bidez ondo pasatzea helburu. Asmoa ez da bertsolari bat sortzea, bertsoa gustaraztea baizik. Horrela, etorkizunean bertso munduan jarraitu ez arren, bertso saioez gozatzea.
Nolako egoera bizi du gaur egun bertsolaritzak gure eskualdean?
Abel: Nik uste dut bertsolaritzak azkeneko urteetan ibilbide berdintsua daramala. Egia da, gure artean bertso txapelketetan ibili den jendea badaukagula, adibidez, Jon, Igauri eta Manu. Talde moduan ere, lehengo urtean Gipuzkoakoa Taldekako Txapelketan parte hartu dugu eta bertan aritzeko bi talde atera genituen. Egia esan, bertsolaritzan ere gorabehera garaiak izaten dira. Hor bagara talde bat herri mailan, deialdien arabera, kantaldietan parte hartu izan dugunak, adibidez, Euskal Jiran edo garai batean Kabigorrin sortutako saioan. Tarteka horrelako dinamikak sortzen dira beharraren, gogoaren eta indarraren arabera.
Bertsolaritzaren etorkizunarentzat garrantzitsua izango da, noski, harrobia iraunaraztea eta sustatzea, ezta?
Jon: Bai, dudarik gabe. Esango nuke Irunbarrek duen erronka handienetako bat hori dela. Horregatik, gure aldetik bertso eskolak eskaintzen saiatzen gara eta baita doakoak izan daitezen, ahalik eta irisgarrienak izateko. Egia da zaila egiten zaigula gazteekin harrobia osatzea. Bat-bateko bertso eskolan esango nuke azkeneko urteetan Igauri izan dela urte luzez gazteena. Badakigu nola ibiltzen diren gazteak, ikasketak eta kirola tarteko, eta bertsotan hasi arren, beste lehentasun batzuk sortzen zaizkiela. Jendea bertsolaritzari atxikitzea da Irunabarren erronka handienetako bat eta horretarako ez dago formula magikorik. Guk horretan saiatzen jarraituko dugu.
“Jendea bertsolaritzari atxikitzea da Irunabarren erronka handienetako bat eta horretarako ez dago formula magikorik”
Jon Luzuriaga, Irunabarreko kidea
Abel: Guk hemen eskualde mailan ikusten dugun gabezia handienetako bat emakumeen presentzia da; oso urria da eta ia ez dugu lortzen neskak edo emakumeak erakartzea. Hori ere interesgarria izango litzateke. Behintzat lehen urratsa egin eta gero eskualdean beste neskekin batera erosoago dauden talderen bat osatzea. Izan ere, ez da erraza suertatzen; adibidez, neskaren bat bakarrik baldin badator, agian gizonen artean bakarrik egonda ez da hain eroso sentituko.
Urtean zehar nolako emanaldietan parte hartzen duzue?
Jon: Urtean zehar auzoetako festetatik eta herri ekimenetatik jasotzen ditugun eskaerei erantzuten saiatzen gara. Urrian Lore Jokoen egitasmo batean parte hartzekoak gara, gutako bik kantatuz. Lehen aipatutako txapelketetan ere saiatzen gara parte hartzen, bai eta bestelako saioak antolatzen ere, bertso-eskaintza zabaltzeko.
Abel: Korrikaren inguruan ere beti sortzen da saioren bat. Beti saiatzen gara gutako batek kantatu dezan, gogoa izanez gero, noski. Batzuetan kanpoko jendearekin batera kantatzen dugu halakoetan.
Irunero aldizkarian ikasturtean zehar bertso sortak argitaratzeko elkarlanari eutsiko diogu. Horrek ere lagunduko du bertsolaritzari ikusgarritasuna ematen, ezta?

Jon: Bai, aukera interesgarria da. Oker ez banago, aurten 10. urteurrena izango da Irunerorekin elkarlanean ari garela. Hileroko alean gutako bat edo ingurukoren bat arduratzen da bertso sorta sortzeaz. Antzeko zerbait egiten dugu ere Hitzan. Horrek hilero bi bertso sorta sortzea dakar. Guri konpromiso handia dakarkigun zerbait da, lana baitu atzetik eta jendea antolatzea eskatzen duelako; gu gustura, ordea. Hainbeste urtez kolaborazio horrek iraun baldin badu, funtzionatzen duelako izango da, eta hori da gure ekarpentxoa.
Zeintzuk dira elkarteak etorkizunera begira dituen erronkak edo helburuak?
Jon: Helburua izango da batez ere bertsoek Txingudi inguruan bizirik jarraitzea eta horretarako harrobia sustatzea. Asmo horrekin, bertso eskolak eskaintzen jarraituko dugu. Baita bertso saioak ere, gure nahiak asetzeko eta, bide batez, jendeari ikusarazteko beraiek ere ibili daitezkeela lasai ederrean bertsotan. Irunabar garai batean helburu horretxekin sortuko zela pentsatzen dut eta gu ere horretan ari gara.
Abel: Gure martxa da ez soilik kanpora begira lan egitea, barrura begira jardutea ere bada. Adibidez, Jaizubian biltzen garenen artean, badago gelatik kanpo eta jende aurrean kantatzeko inolako pretentsiorik ez duen jendea, baina bai gure artean astero bertsotan aritzeko nahia duena. Hori bere horretan bada helburu horietako bat: bertsotan gozatu nahi duenak, ez soilik jende aurrean, horretarako lekua izan dezala. Barrura edo kanpora begira aritzeko aukerak eskaintzen ditugu eta bakoitzak aukeratuko du non sentitzen den erosoen.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



