Bidasoaldeko osasungintza publikoaren egoerak okerrera egiten jarraitzen duela salatu du Osasun Bidasoak

Osasun Bidasoa herritar plataformak salaketa publikoa egin du uda ostean eskualdeko osasungintza publikoak pairatzen duen narriaduraren inguruan. Plataformaren arabera, bertako zerbitzuak etengabe galtzen ari dira eta pribatizazioak gora egin du nabarmen azken hilabeteetan, Bidasoko Ospitaleko zein lehen arretako hainbat esparru kolapsatzeraino. Egoera horrek, azpiegituren arazoekin eta giza baliabideen eskasiarekin batera, osasun-profesionalen motibazio-galera eta ihesa eragiten ari dela ohartarazi dute.

Larrialdietako egoera bereziki larritzat jo dute: udan zehar, eguneko txanden % 61ean lau mediku bakarrik egon dira (behar ziren bostak izan beharrean), eta txanden % 20 aparteko orduen bidez bete dira, gehienak eskualdetik kanpoko medikuekin. Horrekin batera, pediatriako arretarik ez dagoela salatu dute; 2025eko apirilean Bidasoko Ospitaleko pediatria-larrialdiak itxi ostean, Osakidetzak Irungo Erdialdeko Etengabeko Arretako Gunean (EAG) zerbitzua bermatuko zuela agindu bazuen ere, ordutik ez da pediatrarik egon ez ospitalean, ez anbulatorioan.

Pribatizazioaren hedapena ere datuekin plazaratu du plataformak. Azaldu dutenez, nabarmen ugaritu dira Donostiako zentro pribatuetara (Quirón eta Poliklinika) egindako bideratzeak: traumatologiako kontsultak, urologiako ebakuntzak, kataratak, protesiak eta lehen Bidasoaldean egiten ziren koloneko minbizia goiz detektatzeko kolonoskopiak kanpoko zentroetara bidaltzen ari dira. Egoera horretan, ez da bermatzen ebakuntzen ondorengo jarraipena, osasun-langileei ez zaie erabakien berri ematen eta arazo informatiko larriak daude bertako medikuek proben txostenak kontsultatu ahal izateko.

Zerbitzuen murrizketari dagokionez, plataformak gogorarazi du lau urte baino gehiago daramatela bertako urologorik gabe (Donostiako profesionalek aparteko orduetan estaltzen dituzte txandak), Minaren Unitatea berriro gelditu dela profesionalen lekualdatzeagatik, eta errehabilitazioan langile bakarra dagoela, beharrezkoak diren hiruren ordez. Gainera, itxaron-zerrendek onargarritzat jotzen den 60 eguneko muga gainditzen dute espezialitate askotan: errehabilitazioan 166 eguneko itxaronaldia dago, otorrinolaringologian 143 egunekoa, traumatologian 110ekoa, kirurgia orokorrean 79koa, oftalmologian 77koa eta dermatologian 75ekoa. Horrekin batera, zifrak “itxuraz laburtzeko” hitzordu-eskaerak atxikitzen direla eta ebakuntzen itxaron-denbora anestesistaren baloraziotik aurrera bakarrik kontatzen dela salatu dute.

Azkenik, azpiegituren eta osasun mentalaren gabezia estrukturalak nabarmendu ditu Osasun Bidasoak. Ebakuntza-gela berriak egiteko obrak oso motel doaz aurreikusi gabeko egitura-arazo larrien ondorioz, Irungo Erdialdeko Anbulatorioak barrakoietan jarraitzen du 2020tik, Oinaurreko zentroa 2030era arte ez da helduko eta Bidasoa Institutuko proiektuak ez du eperik. Egoera honek guztiak, helduen zein gazteen osasun mentalerako baliabide ezarekin batera, eskualdeko langileen artean etsipen orokorra eragin du, beste lurralde batzuetara joatea bultzatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude