Irungo Udalak omenaldi instituzionala eskaini dio gaur, ostirala, azaroak 20, Unai Amiano pilotari irundarrari, B Serieko Lau t’erdiko Txapelketako txapeldun izendatu ostean. Ekitaldia Udaletxeko Areto Nagusian egin da, eta bertan izan dira Cristina Laborda alkatea eta udalbatzako hainbat ordezkari, 22 urteko kirolari gaztea zoriondu eta pilotaren munduan egiten ari den ibilbide oparoa aitortzeko.
Alkateak nabarmendu duenez, ohorea da hiriarentzat Amiano bezalako pilotari bat izatea: «Bere talentu eta arrakastei esker, Irun gero eta presentzia handiagoa hartzen ari da pilotaren munduan. Bere lorpenek kirol honi ikusgarritasun handiagoa ematen laguntzen dute, eta Uranzu pilotalekua Irungo kirolerako erreferentziazko gune bihurtzen du». Era berean, Labordak ibilbide arrakastatsua opa dio eta hiri osoaren babesa zein maitasuna helarazi dizkio.
Garaipen berri honek berretsi egin du Amianok azken hilabeteetan izandako gorakada nabarmena; izan ere, joan den maiatzean B Serieko Buruz Buruko txapela ere jantzi zuen, ezaugarri horietako titulu bat eskuratzen zuen lehen pilotari irundarra bihurtuz. Bere kirol-ibilbideari dagokionez, Amianok Berako pilota klubean eman zituen lehen urratsak, eta ondoren Añorgan eta Tolosako Aurrera Pilota Elkartean osatu zuen bere prestakuntza. Profesionaletan 2025eko irailaren 19an egin zuen debuta, hain zuzen ere etxean, Uranzu pilotalekuan jokatutako jaialdi batean, eta ordutik denbora gutxian bi txapel garrantzitsu batu ditu bere palmaresera.



