Elikadura ez da plater batean jartzen dena soilik; osasunarekin, ingurumenarekin, tokiko ekonomiarekin eta pertsonen arteko harremanekin zuzenean lotuta dagoen sistema konplexua da. Lotura horiek hezkuntza komunitatera hurbildu eta gazteak aldaketaren protagonista bihurtzeko helburuarekin, Gazteak On ekimenak jauzi kualitatibo bat eman du aurten. Eskualdeko lau eragilek —Maïa Permaculture, Labore Txingudi, Hendaiakoop eta Ara!Gorputz— eta Irungo Toki-Alai Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeko ikasle eta irakasleek bat egin dute proiektuaren berritasun nagusiak aurkezteko: Gazteak On: elikadura erronka lehiaketaren hirugarren edizioa eta elikadura jasangarria lantzeko hezkuntza-plataforma berria.
Orain arteko bi edizioetan pilatutako esperientzia oparoa abiapuntu hartuta, sustatzaileek egitasmoa zabaltzeko beharra ikusi dute, elikadura sistemaren eraldaketaren aldeko lana lehiaketa puntual batetik haratago eramateko. Hala sortu da Gazteak On plataforma, etorkizun jasangarriago baten aldeko trantsizioan hezkuntza-komunitateari tresnak eskaintzeko gunea. Webgune berri honek ikasgelan zuzenean aplikatzeko baliabide hezitzaileak (jolasak, ikasteko dinamikak eta erronka txikiak) eta ikastetxeetan martxan dauden ekimenak eta esperientziak partekatzeko gunea biltzen ditu. Oihana Galardi, Labore Txingudiko ordezkariaren hitzetan, “ez da soilik jaten duguna; azkenean, gure osasunarekin, ingurunearekin, ekoizpen moduekin, tokiko ekonomiaren bizitasunarekin eta pertsonen arteko harremanekin lotuta dago”.
“Oso esperientzia ona izan da lehiaketa honetan parte hartzea eta errepikatzeko prest nago”
Chloe del Olmo, Toki Alai BHIko 4. mailako ikaslea
Plataforma ez da hutsetik sortu; garapen-prozesuan irakasleekin lan-saioak egin dira haien ikuspegiak eta beharrak jasotzeko, baliabideak ikasgelako errealitatera egokitzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzaren Agenda 2030 lerroaren laguntzarekin garatutako tresna hau dokumentu bizi gisa planteatu da, aurrerantzean erabiltzaileen ekarpenekin aberasten joango dena.
Lehiaketaren hirugarren edizioa
Plataformaren aurkezpenarekin batera, Gazteak On: Elikadura Erronka lehiaketaren hirugarren edizioa abiatu da. Ekimen horren bidez, gazteek elikaduraren inguruan beren begiradatik hausnartzeko, taldean ideiak lantzeko eta ingurunean eragiteko proposamenak sortzeko aukera dute. Helburua ez da arazoak identifikatzea soilik, baizik eta irtenbideak irudikatzea eta egunerokoan gauzatzeko moduko ekintzak sustatzea, sormena eta ikus-entzunezko komunikazioa baliatuz. Parte hartu nahi dutenentzako izen-ematea 2026ko azaroaren 13an irekiko da eta 2027ko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik. Bideoak aurkezteko epea otsailetik apirilaren 9ra izango da, eta sari-banaketa 2027ko ekainaren 4an egingo da, Irungo Ficobako Bioterra azokan.
Ikasleen ikuspuntutik
Lehiaketaren iazko edizioan, bi kategoria nagusi saritu ziren: Epaimahaiaren Saria eta Herritarren Saria. Epaimahaiaren Saria Toki-Alai BHIretzat izan zen, “Zer da gosari osasuntsua?” lanari esker, 143 puntu lortuta. Ikastetxeak 600 euroko saria jaso zuen elikadura burujabetzarekin lotutako ekimen bat garatzeko. Herritarren Saria berriz, El Pilar ikastetxearentzat izan zen, “Arazoa vs Konponbidea” lanarengatik, herritarren babes handiena jaso duen proposamena izanda. Kasu horretan, 400 euroko saria jaso zuten bere elikadura burujabetza proiektuarekin jarraitzeko. Hain zuzen ere, bigarren edizio hartan 31 taldek eman zuten izena, eta horietatik 21 lan aurkeztu ziren azkenean. Guztira, 250 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten prozesuan zehar, ikastetxeetan elikadura jasangarriaren inguruko hausnarketak, ikerketak eta ikus-entzunezko proiektuak garatuz.
Proiektuaren benetako eragina ikasleen bizipenetan ikusten da ondoen. Irungo Toki Alai ikastetxeko DBHko 4. mailako Chloe Del Olmo Villarejo eta Maore Rodriguez Fernandez ikasleek beren esperientzia partekatu dute, ikastetxeko kultur aniztasuna eta gosari osasungarriaren kontzeptua uztartuz. Chloe Del Olmok azaldu duenez, jatorri desberdinetako pertsona asko daudenez eskolan, beste herrialde batzuetan zer gosaltzen duten eta gosari osasungarritzat zer hartzen duten jakin nahi zuten; horrela, ohiko gosarietatik haratago doazen elikagaiak ezagutu zituzten, hala nola kuskus moduko platerak, jogurta, tea edo datilak. Chloe del Olmoren iritziz, “oso esperientzia ona izan da lehiaketa honetan parte hartzea eta errepikatzeko prest nago”.
Prozesua talde-lanaren bidez garatu zuten. Maore Rodriguezek aipatu duenez, Gazteak On lehiaketaren albistea iritsi zitzaienean, lehen astean Agenda 2030eko ordezkariak bildu ziren, bideoaren gidoia prestatzen hasteko iritzi ezberdinak jasoz. Bigarren astean beste herrialde batzuetako ikaskideekin hitz egin zuten; ideia proposatu eta planoak prestatu zituzten. Azkeneko astean elkarrizketak grabatu eta jasotako erantzunekin bideoa editatu eta lehiaketaren antolakuntzara bidali zuten, iazko edizioan irabazle suertatuz. Maore Rodriguezek azaldu du proiektua garatzeko eskolako ikasleak bi taldetan banatu zirela: batetik, 1. eta 2. mailako ikasleak elkarrekin antolatu ziren eta, bestetik, 3. eta 4. mailakoak elkarlanean aritu ziren. “Oso gustura aritu gara gainera elkarrekin lanean, lagunekin aritu garelako; harremana oso ona zen”, aipatu du Maorek. “Lehiaketa irabazi dugun bigarren urtea izan denez, berriro aurkezteko prest gaude”, erantsi du Toki Alai BHIko 4. mailako ikasleak.
“Lehiaketa irabazi dugun bigarren urtea izan denez, berriro aurkezteko prest gaude”
Maore Rodriguez, Toki Alai BHIko 4. mailako ikaslea
Ikuspegi hori osatuz, Amaia Garcíak, Toki Alai ikastetxeko 2. mailako matematikako irakasleak eta Agenda 30eko batzordekideak, proiektuak ikastetxean izan duen bidea eta balioa azpimarratu ditu. Bere esanetan, “Guk Agenda 30eko batzordea daukagu, eta orduan, gela bakoitzetik ordezkari batzuk dauzkagu, eta gauzak horrela, proiektu hau alde horretatik bideratu dugu”. Horrez gain nabarmendu du aurreko urteetan landutakoari esker lehiaketaren gaia oso ondo zetorkiela. Irakasleak azaldu duenez, “kontzientziazio lan bezala hasi genuena, gero ikusi genuen beraien lana, harremanak eta ideiak sustatzeko oso baliagarria zela”. Horrez gain, ikastetxeak bi bideorekin hartu zuela parte gogorarazi du: lehen zikloko ikasleek, txikiagoak direlako, laguntza handiagoa behar izan zuten bitartean, bigarren ziklokoek dena eurek egin zuten; izan ere, “ideia beraiena izan da, elkarren artean antolatu dira eta beraiek editatu dute”, eta hori irakasleentzat “izugarrizko ikasketa izan da”.
Gainera, Garcíak nabarmendu du proiektuak «ikasteko beste eredu bat» ekarri duela, eta honako hau azpimarratu du: “Proiektu honi esker ikasleak konturatu dira zeinen askotarikoa den gure ikastetxea”. Irakaslearen hitzetan, “azkenean askotan, nahigabe, bertako elikaduran oinarritzen dugu soilik zer gosaltzen dugun eta nola gosaldu beharko genukeen, baina proiektuak balio izan digu konturatzeko badirela beste eredu batzuk beste herrialde batzuetan eta era berean osasuntsuak izan daitezkeenak”.
Ikasleen ekimenak, ikastetxeetako esperientziak eta tokiko eragileen ezagutza uztartuz, Gazteak On egitasmoak argi erakutsi du aldaketa txikiak eraldaketa handien abiapuntu izan daitezkeela. Oihana Galardik gaineratu duenez, “Gazteak Onen bidez, lotura horiek hezkuntza komunitatera hurbildu nahi ditugu, hausnarketatik ekintzara igarotzeko eta elikadura jasangarriago baterantz urratsak egiteko”. Elikadura jasangarriago bateranzko bide honetan, lehiaketaren oinarriak zein hezkuntza-baliabide berriak eskuragarri daude dagoeneko gazteakon.eus webgunean, elkarrekin hausnartzeko eta ekitera batzeko deialdia eginez.



