Irungo Udaleko Berdintasun Zerbitzuak gogorarazi du datorren ostegunean, otsailaren 13an, itxiko dela Udaberriko Programaren barruan Ahalduntze Eskolan egiten diren ikastaro eta tailerretan izena emateko epea. Irungo Emakumeen Etxean bertan eman ahal izango da izena, edo online ere bai, udalaren webgunearen bidez. Jarduerak doakoak dira, eta Emakumeen Etxean egingo dira (Istillaga plaza 8 – behea).
Udaberriko Programaren barruan, ‘Aitatasuna feminismotik’ tailerra nabarmentzen da. Soilik gizonezkoentzako da, eta asmoa da seme-alaben hazkuntzan eta heziketan gurasotasun arduratsua eraikitzeko hausnarketarako gune bat sortzea. Seme-alabekin ere joan daitezke tailerrera. Jarduera horrek Berdintasun Zerbitzuaren ildo estrategiko berri bati erantzuten dio, helburua duena gaur egun gizonezkoek dituzten erronka eta aukerei aurre egitea.
Berdintasun Zerbitzutik gogorarazi dute emakume bakoitzak gehienez hiru ikastaro eta/edo tailerretan izena eman ahal izango duela eta lehentasuna izango dutela Irunen erroldatutako emakumeek. Horrez gain, adierazi dute ikastaro eta/edo tailerretarako eskaera gehiago balego toki-kopurua baino, zozketa publikoa egingo dutela Emakumeen Etxean, jarduera bakoitzean erabilgarri dauden plazak esleitzeko. Zozketa hori izen-emateak itxi eta hurrengo egunean, hau da, otsailaren 14an egingo da, 10:00etan.
Gogorarazi behar da kontziliazioa bultzatzeko neurri gisa, Berdintasun Zerbitzuak haurtzaindegi zerbitzua jartzen duela tailer eta ikastaroetan parte hartzen duten emakumeen eskura, 4 eta 12 urte bitarteko adingabeentzako, Emakumeen Etxean bertan. Izena ematen den unean eskatu behar da zerbitzu hori.



