Ainara Rodriguez “Laina”, rap abeslaria: “Ez dut nire sentitzen ez dudan zerbait idatziko”

Ainara Rodriguez “Laina” goitizenaz da ezagunagoa raparen munduan. Gazteartean Festaren barruan 2021eko urrian bere lehen kontzertua eskaini zuen eta “96 grados” izenpean bere lehen diskoa kaleratzea lortu du jada. Lainak berarentzat rapak zer esan nahi duen eta abestien sormen prozesua nolakoa den azaldu du.

Noiz egin zenituen musikaren munduan lehen urratsak?
Ni, egia esan, idazten hasi nintzen, literaturaren eta poesiaren mundua asko gustatzen zitzaidalako. 13 urte ditudanetik nik entzun dudan musika rapa izan da, orduan beti izan dut musika estilo horren eragina. Raparen bidez nire poesiak zabaltzeko modua aurkitu nuen. Proba txikiren bat egiten hasi nintzen, eta gero gauza serioagoak lortzen joan nintzen.

Rapaz gain, beste musika estilorik probatu duzu?
Ez, ez dut beste musika estilorik probatu. Beste musika estilo batzuk abestu ahal izateko beharrezkoa da bestelako ahotsa izatea edo musika ezagutza handiagoa izatea. Azken batean, rapa izan denez urte askoan entzun dudan musika, beti izan da landu nahi izan dudan generoa.

Raparen barruan desberdintasun asko al daude gizonek eta emakumeek izan ditzaketen arrakasta-aukeren artean?
Nik uste dut, gizartean oro har gertatzen den bezala, gaur egun oraindik ere emakume izatea zailtasun erantsia izan daitekeela lorpen handiak eskuratzeko. Duela urte batzuk egoera hori okerragoa zen oraindik, eta zailtasunak handiagoak ziren. Zorionez, gero eta emakume gehiago ausartzen gara rapeatzera eta gure artean asko laguntzen diogu elkarri. Egia da hainbat eragozpen daudela oraindik, eta oraindik ere errazagoa dela gizon izanda nabarmentzea, baina pixkanaka gauzak lortzen ari direla uste dut.

Nola lortu zenuen zure lehen diskoa ateratzeko aukera?
Gaur egun, oraindik ere flipatzen jarraitzen dut gertatutakoarekin. Nik duela hiru bat urte bideo bat bota nuen Twitterren rapeatzen, eta eragin handia izan zuen. Txikitatik jarraitzen diodan rapero bat nirekin harremanetan jarri zen eta ahal nuen guztian lagundu nahi zidala esan zidan. Horren ildotik, zenbait gai idatzi nituen, nahiz eta hasierako ideia abesti bat, single bat, ateratzea izan. Azkenean, Malagaraino joan nintzen, eta han ekoiztu genuen disko osoa eta grabatu genituen abestiak. Denbora luzez berarekin harremanetan egon ondoren, azkenean diskoa ateratzea lortu genuen.

Zer aurkituko dugu zure lehen diskoan?
Rapa nahiko gordina eta zuzena egiteagatik nabarmentzen naiz. Oso rap zintzoa da, baina letra handikoa. Ez dut melodia handirik edo oso abesti musikalik. Mezuak oso garrantzitsuak dira, nik sentitzen dudana eta kontatu nahi dudana erakusteko aukera ematen baitidate.

Erraza al da musikaren munduan lekua egitea?
Nire lehen abestia atera nuenetik esan dezaket erabat pozik nagoela, uste baitut nahi nuen guztia lortu dudala. Ez zait axola ikustaldi gehiago edo gutxiago eduki izana, niri benetan axola zitzaidana abesti hori atera ahal izatea zen. Hala ere, badirudi lehen gai hori uste baino oihartzun handiagoa izaten ari dela. Gaur egun edonork egin dezake musika, berdin du ona edo txarra zaren. Edonork musika sortzeko erraztasunak dituenez, nabarmentzea ia ezinezko bihurtu da.

Gazteartean Festean zure lehen kontzertua eskaini zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Nire bizitzan emandako lehen kontzertua izan zen. Aurreko astean erabat urduri egon nintzen, baina, hala ere, agertokira igo eta nire lagunak ikusi nituenean, urduritasun guztiak ahaztu zitzaizkidan. Kantatzeko gogoa izan zen une horretan sentitu nuen bakarra. Esperientzia bikaina izan zen.

Zeintzuk dira zure hurrengo helburuak musikari dagokionez?
Lanean jarraitu nahi dut, baina inspirazioa behartu gabe. Ez dut esanahirik gabeko abestirik atera nahi, nik beti idazten baitut zerbait esateko beharrarekin. Oraintxe bertan abestiak idazten jarraitzen dut, baina ez asko, baina astiro eta maitasunez lantzen ari naiz. Oraingoz ez naiz disko baten ekoizpenean sartuko, baina asko gustatuko litzaidake kolaborazioak egitea.

Non aurkitzen dituzu zure abestiak idazteko ideiak?
Beti inspiratu izan naiz neure bizipenetan. Dela modu pertsonalean gertatu zaizkidan gauzetan, dela nire inguruko jendeari gertatutakoetan. Bidegabekeria sozialak salatzeko premia handia sentitzen dut. Ez dut gai bat aukeratzen horri buruz idazten hasteko, izan ere, ez dut nire sentitzen ez dudan zerbait idatziko.

Zure inguruko jendearengatik babestuta sentitu zara?
Bai, egia esan bai. Hasieran beldur nintzen familiak ez ote zidan lagunduko edo ez ote zitzaien gustatuko nik rapa egitea. Hala ere, nire jarraitzailerik handienak dira eta lagunekin gauza bera gertatu zait. Irungo eta inguruko jendearen babesa ere jaso dut, eta oso eskertuta nago horregatik.

Musikaz bizitzea gustatuko litzaizuke?
Bai noski, gustatuko litzaidake. Edozein artistari galdera hori egiten badiozu, baietz erantzungo luke. Kontua da oso zaila iruditzen zaidala. Zaila da arrakasta lortzea, eta uste dut goi-goian egon behar dela diru-sarrera horiekin bakarrik mantentzeko adina diru irabazteko. Ia ezinezkoa iruditzen zait, baina saiatu beharra dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude