Alberto Domingok lau urte daramatza motoarekin Rally Raid modalitatean lehiatzen. Aurtengo denboraldian Espainia eta Europako txapelketetan parte hartu du. Datozen denboraldietara begira bere moto proiektua handitzen jarraitzea gustatuko litzaioke, horretarako, 2026ko Africa Eco Race lasterketa egitea gustatuko litzaioke.
Uretan ibili ostean, lurrean lehiatzen hasi zinen.
Orain dela 3 edo 4 urte hasi nintzen modalitate honetan. Ni aurretik arraunaren munduan ibilitakoa naiz, baina motoaren karneta atera nuen eta kirol honetan probak egiten hasi nintzen. Asko gustatzen zitzaidala ikusita, entrenatzen hasi nintzen. 2022an nire lehen rallya egin nuen eta bertan trebatzen jarraitzea erabaki nuen.
Rallyak taldeko kirola izan ez arren, adiskidetasuna ere badago pilotuen artean.
Rallyetan bakarka lehiatu arren, bizitza jokoan dagoenez, pilotuen arteko harremanak sendoak dira. Beraz, kideren bati zerbait gertatuz gero, ezbairik gabe gure lasterketa uzten dugu besteari laguntzeko, onik dagoela ziurtatu arte. Garrantzitsuena bizitza da. Gainera, gu leku bakartietan lehiatzen garenez, garrantzitsua da beti besteen ongizateaz kezkatzea. Beste moto modalitate batzuetatik datozen kirolariek aipatu didatenez, esaterako, motocrossa edo enduroa bezalako modalitateetan giroa bestelakoa da.
“Motoan daramazun abiaduran gauzak irakurtzeko gaitasuna izatea funtsezkoa da”
Nolakoak dira rally raideko moto txapelketak?
Enduroko moto batekin lehiatzen gara bertan, baina rallyetan lehiatzeko erregai tanga handiago bat eta beste esekidura batzuk jartzen zaizkio. Kirol honen berezitasun nagusia da motorrean roadbookak eramateko gailu batzuk daramatzagula. Roadbooka gure gidaliburua da, jarraitu beharreko ibilbidea markatua dugu eta bertan ageri den informazioa interpretatzen jakin behar dugu. Beraz, helburua ibilbidea ahalik eta azkarren eta galdu gabe egitea da. Hortaz, garrantzitsua da waypointetatik, antolakuntzak markatutako lekuetatik, igarotzea, penalizaziorik ez izateko.
Beraz, azkar joatea garrantzitsua da, baina ez hori bakarrik?
Noski, motoa ondo pilotatzea eta nabigatzen jakitea oso garrantzitsuak dira. Motoan daramazun abiaduran gauzak irakurtzeko gaitasuna izatea funtsezkoa da. Horretaz gain, fisikoak ere badu garrantzia eta hori lantzeko gimnasiora, korrika egitera eta bizikletan ibiltzera joaten naiz. Bestetik, alderdi psikologikoak ere garrantzi handia du, galduta zaudenean bidea ahalik eta azkarren aurkitzeko. Gainera, normalean Monegroseko zirkuitura joaten naiz Joan Pedrero pilotu eta lagunarekin, bere lan egiteko moduaz ikasteko.
Lehiatu ahal izateko dirua ere behar da, ezta?
Hori da. Orain arte aurreztua nuen dirua erabili dut. Nire filosofiaren arabera, bakoitzak izan behar du bere buruaren alde apustu egiten duen lehena. Proiektua horrela hasi nuen, baina egia da azkenaldian asko hazi dela. Orain beste urrats bat egin dugu, maila handiagoko lasterketan parte hartzen hasi naizelako. Mailak gora egin duenez, orain laguntza gehiago behar dut. Nire hurrengo helburua Africa Eco Race lasterketan parte hartzea izango da, baina horretarako babesle gehiago behar ditut.
Zeintzuk izan dira zure azken txapelketak?
Aurtengo Europako Txapelketa 4 lasterketez osatua dago. Lehena Galiziako lasterketa izan zen, 7 etapaz osatua, kronometratutako 1.400 kilometrorekin. Europako Txapelketan M3 kategorian lehiatzen naiz, 450 zentimetro kubikoko motoarekin, eta hirugarren postua lortu nuen bertan. Bigarrena, Hellas Rallya izan zen baina ez nuen lasterketa amaitu, istripua izan nuelako, kaskoa apurtu zitzaidan eta kolpeak 4 orduko amnesia eragin zidan. Ondorioz, Europako Txapelketako hirugarren postu hori galdu nuen ez nuelako etapa hori bukatu. Hurrengo lasterketa Errumanian izango da abuztuan, baina ez naiz joango, aurrekontu handia behar delako eta oporrik ez dudalako. Azkenekoa berriz, Portugalen izango da abenduan eta horretan bai, parte hartuko dut.
Horretaz gain, Espainiako txapelketan parte hartzen ari naiz. Lehena Galizian izan zen, bigarrena Baja Extremadura maiatzean eta hirugarrena uztailean izango da, Baja Aragón, hau da Espainiako lasterketen artean ospetsuena. Aurtengo azkenekoa Urrian Cuencan egingo dudana izango da, poltsikoak ez duelako gehiagorako ematen. Hurrengoetan ahal den posturik onena lortzen saiatuko naiz. Lasterketa bakoitzean nire mailak gora egin duela ikusi dut, beraz, ez dakit noraino iritsi ahalko naizen. Gauzak ondo eginez, buruarekin eta segurtasunarekin, emaitzak bakarrik datoz.
“Nire hurrengo helburua Africa Eco Race lasterketan parte hartzea izango da, baina horretarako babesle gehiago behar ditut”
Nola lortzen duzu abiaduraren eta segurtasunaren arteko oreka mantentzea?
Zaila da hori azaltzea, baina egia da oso kontzientziatua nagoela. Horregatik, nire trajean Gipuzkoako Odol Emaileen logoa daramat. Gainera, ni odol eta plasma emailea naiz. Espero dut inoiz odol hori behar ez izatea, baina garrantzitsua da behar duen jendearentzako odola ematea.
Zeintzuk dira epe luzera begira dituzun helburuak?
Epe motzera begirako helburuak denboraldi hau amaitzea da. Datorren denboraldian Africa Eco Race lasterketa egitea gustatuko litzaidake, hau da, 2026ko urtarrilean egingo dena. 2025ean zehar denboraldia nola antolatzen dugun ikusiko dugu, lortutako babesleen arabera zenbat eta zein lasterketa egin ditzakedan ikusteko. Orain nire helburu gorena, Africa Eco Race lasterketa egitea da. Hortik aurrera, ikusiko genuke zer gehiago egin daitekeen. Momentuz motoarekin gustura nabil. Askotan jendeak kotxeetara salto egiten du baina horretarako aurrekontu handia behar da. Momentuz motoarekin jarraitu nahi dut, baina ezinezkoa da dena programatzea, beraz, bideaz gozatu nahi dut. Nire proiektura batu nahi duten guztiak ongietorriak izango dira, Dakarreraino iritsi eta elkarrekin Aintzira Arrosako meta zeharkatzeko.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



