Irungo Udaleko Kultura Arloak jakinarazi duenez, “Aurora Bengoechea berrikusten” erakusketaren inguruko tailerrak antolatu ditu, haurrentzat, maiatzaren 28ra bitartean, Menchu Gal aretoan. Erakusketa hogeita hamar bat obrak osatzen dute: margolanek ez ezik, baita litografia eta collageek ere, eta are autorearen eguneroko batzuek; tartean, San Telmo Museoak berriki eskuratutako bi koadrok. Gainera, osagarri, bada ikus-entzunezko bat.
Normalean, erakusketak ikusi bakarrik egin daitezke. Kasu honetan, ordea, ikusteaz gain, erakusketa sentitu ahalko da, eta jolaserako aitzakia bat izango da. Hain zuzen ere, horixe da tailer didaktikoen helburua. Itsaso Labarik dinamizatuko ditu, eta bi ataletan banatuko dira. Batetik, Erakusketan barrena ibilbide teoriko bat eginez, irudimena piztuko da, paisaiei, figurei eta pinturaren dualtasunari buruz hausnartzeko.Bestetik, erakusketa abiapuntutzat hartuz, jolasa hasiko da: parte hartzaile bakoitzak bere pintura sortuko du, tenpera erabiliz, eta, haren bidez, bere koadroa.
Bi data aukeran
Tailerra apirilaren 29an edo maiatzaren 27an egin ahalko da, Menchu Gal erakusketa aretoko hallean. Tailerrak arratsaldeko 16:00etan hasi eta 18:00etan amaituko dira. Tailer praktikoa egiteko, komeni da mantala edo zikintzea inporta ez duen arropa eramatea. Ekintza 5 urtetik gorako haur eta beraien familientzat pentsatua dago. Izen ematea udalaren webgunearen bitartez egin behar da.
Gainera, erakusketa ostiral, larunbat eta igandeetan ikus daiteke. Ostiraletan eta larunbatetan, 18:00etatik 21:00etara bitartean, eta, igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era bitartean.