Bakea aldarrikatzeko murala margotu dute Eguzkitzako 6. mailako ikasleek. Patri Taberna artista irundarraren laguntzaz, Arantzateko Jaunaren kalean pintatu dure bakearen garrantzia azpimarratzen duen murala. Jarduera IrunBIXI Irungo Haur eta Gazteen Foroaren barruan egin da.
Ekimenak Eguzkitzako 6. mailako ikasle batzuek sustatu dute, Foroaren bileretan bakearen eta gerraren gaia mahaigaineratu baitute, bai eta hemen inguruan duen eragina ere. Izan ere, gerra bizi izan duten ikaskideak dituzte, komunikabideetan haren berri izan dute, edota etxean hitz egin diete hartaz. Hori dela eta, gai horrek kezkatzen ditu eta, IrunBIXIn lantzea erabaki dute. Izatez, ikasturte honetan eta Foroaren esparruan, Harrera Sarearen bisita ere jaso dute.
Sergio Javier Gazteriako ordezkariak nabarmendu duenez, «garrantzitsua da gure gazteen kezkak partekatzea eta ulertzea. Haiek dira etorkizuna eta, ondorioz, mundua haien begiekin ikusteak Udalak gauzatzen dituen politikak egokitzen lagunduko digu».
Patri Taberna artistak diseinatu du murala, haurrek bakea zer den azaltzeko erabili dituzten hitzetan, sentsazioetan, zirriborroetan eta bizipenetan oinarrituta. «Gazteek beraientzat bakea zer den adierazteko egin dituzten hitz eta zirriborroetan oinarritzea erabaki dugu, eta horiekin Irungo herritar guztientzako mural bat osatzea», azaldu du Tabernak.
Horrela, IrunBIXIko haurrek Tabernarekin batera margotu zuten murala ekainaren 4an. Prozesua bezperan abiatu zen, artistaren eskutik, horma murala egiteko prestatu zuenean, eta ekainaren 5ean amaitu zen, azken ukituekin.
“Munduan zehar dauden gerra guztien aurrean, bake mezu bat bidali nahi izan dugu irudi honen bidez. Ezin dugu beste alde batera begiratu. Askatasuna, maitasuna, berdintasuna eta poza goraipatzen dugu”, azaldu dute Eguzkitzako ikasleek.
Patri Tabernaren murala
Kolore biziek positibotasuna eta poza transmititzen dituzte. Ezkerretik eskuinera doan ostadar bat eta eguzki bat daude. «Eguzkiak esperientzia onak irudikatzen ditu eta euriak, aldiz, txarrak. Biek elkarrekin bizitzan aurrera egiteko behar dugun bakea eta oreka osatzen dute, hau da, ostadarra», esan du Tabernak. Eskuaren keinua nazioarteko gazteen bakearen ikur ezaguna da, eta ideia osotasunean eta kontzeptualki transmititzen du. «Gainera, eskua urdina da, egun dauden arazo eta konplexu arrazialak modu transbertsalean transmititzeko, gazteek sarritan aipatu dituzte eta», esan du artistak.
Horien ondoan, naturaren hiru ikur daude. Artistak esan digunez, loreek eta landareek gure ingurua ordezkatzen dute, Irun hiria mendiz inguratua, bertan neska-mutilek beren bake propioa aurki baitezakete, jolasean zoriontsuak izaten eta gozatzen.
Bakearen eta askatasunaren beste ikur bat ere ageri da, hegan doazen hegaztiena, hain zuzen. Asmoa da gure eskualdeko txoriei esleitu ohi zaien askatasuna eta bakea transmititzea, «ibaiak edozein ertz edo muga zeharkatu dezaketen hegazti bilakatzen baitira».
Azkenik, ikasleek maiz aipatutako beste motibo bat irudikatu da: maitasuna eta zoriona. Horretarako, egunerokoan sarritan erabiltzen diren bi ikur erabili dira, bihotz bat eta irribarre bat.
Patri Taberna
Patri Tabernak diseinu grafikoa ikasi zuen Donostian, eta urte batzuk zenbait estudiotan lanean eman eta gero, brandingeko eta markaren komunikazioko espezializazio-ikasketak egin zituen Bartzelonako Elisava Diseinu eta Ingeniaritza Eskolan. 2021etik bere estudio propioa dauka, eta diseinu, branding, komunikazio eta marrazketako zerbitzuak eskaintzen ditu. Enpresei, erakundeei eta proiektuei beren balioak eta helburuak komunikatzen laguntzen die, beren irudi eta estetikarekin koherentea den modu batean. Gainera ZESTAFESTA diseinu-ekitaldia antolatu du Hondarribiko Udalarekin batera.
IrunBIXI foroa
2023-2024 ikasturte honetan IrunBIXI Irungo haur eta Gazteen Foroko kide izan dira Irungo lehen eta bigarren mailako hezkuntzako, haurtxokoetako eta gaztelekuetako 300 ikasle baino gehiago. Lehen mailako ikastetxeei dagokienez, Eguzkitzak, Lekaeneak eta Txingudik hartu dute parte. Bigarren mailakoen artean, berriz, El Pilarrek eta Toki Alaik.
Urritik ekainera, parte hartzeko bilerak antolatu dituzte hilean behin ikastetxe horietan, haurren eskubideak lantzeko eta, beren interesetatik abiatuta, beren ingurune eta kezkekin lotutako gaiak landu dituzte. Udalak ere ekarpen bat egin die ekimen horiei.



