Atzo hasi zen Behobiako Erdi Aroko azoka eta igandera arte, ekainaren 2ra arte, ekintza desberdinak egingo dira. Cristina Laborda Irungo alkatea Behobian izan da gaur bertako Erdi Aroko Azoka bisitatzen.
Azoka auzo-elkarteak eta merkatarien elkarteak antolatzen dute Udalaren laguntzarekin eta, iraun bitartean, auzotarrek eta bisitariek artisautza-azoka bisitatu dezakete: artisautzako eta gastronomiako produktu ugari eskaintzen dituzten 50 postuk osatzen dute azoka. Produktuak erakuste hutsetik haratago, azokan, zuzeneko esperientziak ere antolatuko dira, hala nola haurrentzako tailerrak, kaleko animazioa edo antzerki-emankizunak.
Hori guztia ospakizunerako apaindutako ingurune paregabe batean. Estandarteak, banderak, toldoak edo armarriak, guztiak ere Erdi Aroko motiboz hornituak, azokara joaten diren bisitari guztiak Erdi Aroko giroan murgil daitezen.
Cristina Laborda Irungo alkateak auzotarrak denboran bidaiatzera eta Erdi Aroko Azokaz gozatzera animatu ditu, urterik urte jende gehiago erakartzen duen ekitaldi honetara etorrita. Gainera, alkateak eskerrak eta zorionak eman dizkie antolatzaileei, urtero-urtero hitzordu berezi hau bizirik mantentzeko egiten duten lanagatik.



