Bidasoa kirol klubak Beñardo García betiko gogoratu nahi du

Bidasoak kirol elkarteak hainbat ekintza egingo ditu Beñardo García Echeverría gogoratzeko. Klubeko ohorezko presidente irundarra abenduaren 24an hil zen. Gaurkoa izango da Bidasoa Irunek gertakari horren ostean Artalekun jokatuko duen lehen partida, beraz, hainbat ekintza eta keinu egingo dira hiru garaietan (1979 eta 1987 artean, 1988 eta 1992 artean eta 1994 eta 1999 artean) presidente izandakoa gogoratzeko.

Batetik, Beñardo Garcíak bere Bidasoa Iruneko partidak ikusi ohi zituen tokia betirako gogoratuko dute. 7. sektoreko 14. lerroko 121. eserlekua berezia izango da, Beñardo beraren izena eramango baitu.

Besteitk, Bidasoa Irun eta Bathco BM Torrelavegaren arteko partida hasi aurreko uneetan, Beñardo García Echeverríaren familiak omenaldia jasoko du CD Bidasoaren eskutik. Gainera, Artaleku osoak minutu bateko isilunea egingo du.

Hortaz gain, Bidasoa Iruneko jokalariek oroimenezko kamiseta eramango dute. Denek Beñardoren izena erakutsiko dute bakoitzaren dortsalaren azpian, eta, gainera, klubeko presidente izandakoaren irudi txiki bat eramango dute, kamisetaren atzealdeko goialdean Europako Kopari eusten. Aurretik, armarriaren ondoan, “Beñardo García Echeverría, 1948-2023” testua agertuko da.

Klubetik adierazi dutenez, edozein ekintza eta keinu motz geratzen da Beñardo Garciak urte luzeetan egindako lana eskertzeko. Bidasoa kirol klubak zaleei aldez aurretik Artalekura joateko eta omenaldian parte hartzeko deia egiten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude