Txingudiko Zerbitzuak, martxoaren 22an ospatzen den Uraren Munduko Eguna dela eta, Endarako urtegira eta Elordiko edateko uraren araztegira bisita gidatua antolatu ditu. Bisita martxoaren 23an, igandean, egingo da. Bisitak eskualdeko ur-hornidurak gertutik ezagutzeko aukera emango du.
“Glaziarren kontserbazioa” lelopean, bisitak funtsezko ekosistema horiek babestearen garrantziaz kontzientziatzea du helburu, uraren zikloan eta mundu osoko milioika pertsonen bizitzan duen eraginagatik. Gure eskualdean glaziarrik ez badago ere, ezinbestekoa da “pentsatu globalki, jardun tokian-tokian” printzipioa barneratzea, eta ura eta energia arduraz eta modu jasangarrian kontsumitzea.
Bisitaren ibilbidea
Bisitan parte hartzeko aukera herritar gehiagok izan dezaten, bi talde antolatuko dira:
A taldeak Elordiko ETAPen hasiko du bisita. Bertan, Irungo eta Hondarribiko ur-hornidura bermatzen duen prozesua gertutik ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Ondoren, Endarako urtegira joango dira, uraren garraio-sistema ezagutzeko. B taldeak alderantzizko ordenan egingo du ibilbidea, Endarako urtegitik abiatuta.
Bisita doakoa izango da, autobus zerbitzua izango da parte-hartzaileentzat eta euskaraz zein gaztelaniaz egin ahal izango da. Jarduerak bost ordu inguruko iraupena izango du, autobuseko joan-etorriak barne.
Izen ematea
Interesa dutenek martxoaren 5etik aurrera eman dezakete izena txinzer.eus webgunean eskuragarri egongo den inprimakia beteta. Bertan, bisita-txanda eta autobus geltokia aukeratu beharko dute. 100 plaza egongo dira eskuragarri, eta izen-emate hurrenkeraren arabera esleituko dira.
Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuko gerenteak azaldu duenez, bisita gidatuek arrakasta handia izan dute aurreko edizioetan, eta berehala bete ohi dira eskuragarri jarritako plaza guztiak: “Ingurumen-kontzientzia gero eta handiagoa da, eta edateko uraren kudeaketa ezagutzeko interesa areagotzen ari da”. Zubiturrek azaldu duenez, “ekintza hau aukera paregabea da bizitzarako ezinbesteko baliabide bat gertutik ezagutzeko”. Beraz, Txingudiko Zerbitzuetatik herritarrak animatzen dituzte bisita honetan parte har dezaten eta urak hiriko etxeetara iritsi arte egiten duen ibilbidea bertatik bertara ezagutu dezaten



