Uranzu Konpainiako kantinera izango da aurten Itsaso Aranburu
Irungo kaleak zuri, gorri eta beltzez janzteko egun gutxi falta direnean, azken prestaketa-lanak lotzen dabil Itsaso Aranburu, Uranzu Konpainiako 2018ko kantinera. Egin-beharrak asko badira ere, 2012 urtean konpainia berean kantinera izan zen Larraitz ahizparen laguntza dauka uneoro. Irribarre eta esperientziatik datozen aholkuen artean, aurtengo sanmartzialak ahaztezinak izango dira Aranburu ahizpentzat.
Nola gogoratzen dituzue 2012 urteko sanmartzialak?
Itsaso: Nahiz eta urte gutxi pasa diren, egia esan, gauza gutxi gogoratzen ditut. Esnatu nintzenerako nire ahizpa ia osorik kantineraz jantzirik zegoen. Egunean zehar berarekin bazkaldu eta tarteka egon baginen ere, gauean ia ez genuen ikusi. Oso azkar pasa zen dena, baina, oso polita izan zen.
Larraitz: Gauza pila bat gogoratzen ditut. Ia lorik egin gabe eta gosaltzeko astirik gabe pelukeriara joan nintzen. Janzten nintzen bitartean eskularruak puskatu zitzaizkidan, baina, izebaren oihal batzuei esker konpontzea lortu genuen eta, konturatzerako, San Martzial kalea igota nuen jada.
Nola bizitzen ari dituzue aurtengo sanmartzialak iritsi aurreko egun hauek?
Itsaso: Uste baino polikiago pasatzen ari zait dena. Izan ere, egun osoa leku batetik bestera nabil ama eta ahizparekin gauza guztiak prestatzen.
“Uste baino polikiago pasatzen ari zait dena”
Itsaso Aranburu, Uranzu Konpainiako 2018ko Kantinera
Orain Itsaso ikusita, zuk bizitako gauzak gogoratzen ari dituzu?
Larraitz: Bai, adibidez, botak edo kantinera jantzia probatzen ikusi dudanean niretzako une horiek zein bereziak izan ziren gogoratu dut.
Zeintzuk izan dira zure ahizpak eman dizkizun aholkuak?
Itsaso: Asko lagundu nau, baina, aholkuak pixkanaka ematen dizkit, gauzak egiten goazen heinean. Dena disfrutatzea, hori izan da ahizpak emandako aholku nagusia.
Larraitz: Orrazkerak, soinekoak edo zapatak aukeratzerako orduan aholkuak eman dizkiot nire esperientzian arabera, egun horietan bera eroso sentitu dadin.
Larraitz 2012 urtean kantinera izan zinenetik gauzak asko aldatu dira?
Larraitz: Prestatu beharrekoak nahiko antzekoak dira, baina, ni atera nintzen urtean gauzak gehiegi puzten zirela konturatu naiz. Hau da, badaezpadako gauza gehiegi erostea gomendatze zizuten eta, azkenean, gauzen asko ez nituen erabili.
Itsaso: Hori egia da. Bestetik, argazki eta elkarrizketa kopurua murriztu dela kontatu didate.
Jada badakizue zer den etxean kantinera bat izatea. Nola ikusten duzue etxeko giroa?
Itsaso: Nahiko lasai, Larraitz atera zen urtean baino lasaiago. Azkenean, lehenengo aldia denean ez dakizu nola egin behar dituzun gauzak,baina, orain esperientzia gure alde daukagu.
Larraitz: Nahiz eta kantinera izan den lehengusina edo lagun min bat eduki, era guztiz desberdinean ikusten dira gauzak kantinera etxean bertan duzunean.
Nolakoak espero dituzue aurtengo San Martzial eguna?
Itsaso: Etxean prest nagoenean eta konpainia nire bila datorrela entzutea oso berezia izango dela uste dut. Bestela, normalean Alardea Larretxipi kalean eta Kale Nagusian ikusi ohi dudanez, une horiek barnetik ikusteko gogo asko dauzkat. Orokorrean, eguneko momentu guztiak bizitzeko irriketan nago.
Larraitz: Alde batetik bestera ibiliko gara, Itsaso ahalik eta leku gehienetan ikusten saiatzeko.