Emakumeok Zast! Proiektuari jarraipena emango diote ostiraletik aurrera Kera eta Parean elkarteek

Kera emakumeen ijito elkarteak eta Parean berdintasun elkarteak “Emakumeok Zast!” proiektua hasi zuten iaz lankidetzan. Aurrekoak izandako arrakastaren ostean, proiektuari jarraipena ematea erabaki dute. Horrela, proiektuaren aro berriko lehen saioa apirilaren 4an, ostiralean, goizean egingo dute, Kemen dantza taldearen laguntzaz euskal dantzak ezagutzeko.

Emakumeok Zast! proiektuak emakumeak kirolera gerturatzeko eta elkar ezagutzeko konfiantza espazio sortzeko egitasmoa da. Izan ere, kirola, historikoki, espazio maskulinotzat hartu izan da, eta emakume askorentzat zaila da seguru sentitzen ez diren espazioetan sartzea. Emakumeok Zast! proiektuarekin espazio seguru bat sortzea lortu dute Kerak eta Pareanek, non mota guztietako emakumeek (adina, erlijioa, jatorria, profesioak…) hainbat kirol probatu eta berezko erresistentziak gainditu ahal izan dituzte. Horretarako, hilabetean behin kirol jarduerak proposatzen dituzte.

Lehen saioa dantzan

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatutako egitasmoa berreskuratu eta dantzan hasiko dute programaren edizio berria. Lehen saioa, apirilaren 4an, ostiralean, izango da. Goizeko 10:00etatik 12:00etara Uranzu pilotalekuan Kemen dantza taldearen eskutik euskal dantzak ikasiko dituzte. Ekintzan parte hartu nahi duten emakumeek galdetegi honetan izena eman beharko dute.

Lehen saioa egin ostean, kirol ezberdinak ezagutzen jarraituko dute, hilabetean behin saioak eginez. Aurrerantzean egingo diren saioen inguruko informazioa Parean eta Kera elkarteen sare sozialetan partekatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude