Familia Ola egitasmoak tailerrak eta irteera proposatzen ditu otsailerako

Familia Ola egitasmoak ekintza berriak proposatzen ditu otsailerako. Zehazki, bi tailer eta irteera bat antolatu dira datorren hilabeterako. Egitasmo honen bitartez,  Irungo Udaleko Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Zerbitzuak familia irundarrek beren aisialdi eta denbora libreaz hirian eta euskaraz goza dezaten planak proposatuko ditu.

Udalak hiriko ikastetxeekin eta Hezten aisialdi euskaltzea elkartearekin elkarlanean antolatutako egitasmoa da. Gogoratu behar da “Familia Ola” programaren helburua dela euskararen erabilera normalizatzea leku ohiko eta formalagoetatik kanpo, esaterako eskolatik kanpo. Horretarako, aisialdiko jarduerak egiten dira familia euskaldunentzako edo hizkuntza horren erabilera sustatu nahi dutenentzako.

Jon Ugarte Euskara ordezkariak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Almudena Grandes plazatxoan, programaren ildo nagusien berri emateko: “beti esaten dugu euskara Irungo eta gure gizarteko zati oso garrantzitsua dela, eta horregatik bultzatzen ditugu Udaletik hizkuntzaren erabilera sustatzen duten hainbat eta hainbat jarduera.  Euskara ordezkariaren hitzetan, “kasu honetan, ‘Familia Ola’ da koroaren bitxietako bat, gurasoek zein umeek gozatzen baitute aisialdiaz familian”.

Otsaileko programazioa

Ildo horretan, hiru ekintza antolatu dira Familia Ola egitasmoaren otsaileko programazioaren barnean. Lehen otsailaren 11n, asteartean, eta 13an, ostegunean egingo den zentzumen tailerra izango da.Tailerra 17:30etik 19:00etara egingo da Victoriano Juaristi kaleko 1. Zenbakian dagoen Eguzkitza ikastetxean. Tailer horretan zentzumenen bidez jolasak eta eskulanak egingo dituzte.

Otsailaren 18an, asteartean, eta 20an, ostegunean, Inauteri tailerrak egingo dira. Aurreko tailerraren kokapen eta ordutegi berean, arratsaldeko 17:30etik 19:00etara eta Eguzkitza ikastetxean, egingo da hau ere. Kasu honetan, Inauteriak heltzear egongo direnez, parte-hartzaile bakoitzak bere maskara sortuko du, irudimenaren bidez.

Azkenik, otsailaren 22an, larunbatean, Albaola faktoria bisitatzeko txangoa antolatu da. Gehienez, 30 lagunentzako lekua egongo da saio bakoitzeko. Bertan, baleazale eta arrantzaleen istorioak ezagutaraziko dira ipuin-kontaketen eta tailerren bidez.

Izena emateko epea

Proposatutako tailer edo irteeretan parte hartu nahi duten familiek datorren astelehenetik, urtarrilaren 27tik, aurrera eta urtarrilaren 31ra arte izena eman ahal izango dute. Izen ematea udalaren webgunearen bidez egin beharko da.

Horretarako, betekizun hauek bete beharko dira: Irunen erroldatuta egotea edo, bestela, Irungo ikastetxe batean matrikulatuta egotea. Tailerren helburua familia euskaraz aritzeko espazio eta momentuak eskaintzea denez, jarduerak euskaraz izango dira osorik, eta familiek hori ziurtatzeko ahalegina egin beharko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude