Herri batek hamaika hitz, hizkuntza bat

Doinua: Abokatuak deitu berri dit

Egilea: Xabier Isasi Balanzategi

1

Euskarak ez du familiarik
ez bizirik ez hildako
Noiz sortu eta non sortu ote
gure izanaren gako
orain ordea zelan iraun du
nork egin eta nolako
Sorrera baino zailagoa da
irautea mendetako
Jakintsu denek jakin nahi dute
misterioa delako
gure hizkuntza oraindik orain
bizirik dagoelako

2

Nongo euskarak egiten gaitu
euskaldun hobeak, bada?
Arraldekoa jatorra dela?
Bilbokoa, beharbada?
Lapurdi edo Gipuzkoako,
Bizkaia edo Araba?
Zein den hobea eta nongoa?
Non da guztion euskara?
Hizkuntzak duen bizigarria
euskalkietan gatzaga
Tokian toki egiten dena
tokian tokikoa da

3

Zenbat buru, ai, hainbat aburu,
beste horrenbeste talde
Zatikaturik zokoraturik
hemen gizaldez gizalde
Txokokeriak zabaltzen dira
goizalde zein arratsalde
sendi arteko itsuskeriak
nik behealde zuk goialde
guk nahi genuke aberri baten
batu zazpi herrialde
gizaldi oso bat engaiatu
da batasunaren alde

4

Eta sortu zen, sortu zen eta
hizkuntza zaharrari ekin
Lehenik Baionan idazkaritza
hirurogeita lauekin
Arantzazun lau urte ondoren
Euskaltzain nabarmenekin
Literatura eta zientzia
euskara berriarekin
Denok garaile baikara zinez
Euskara Batuarekin
euskaraz bizi gaitezkeelako
euskaldunok elkarrekin

5

Bizitzak duen aniztasuna
bizitzeari dario
Baina ez pentsa hain ona denik
askotariko jario
Zatitu eta sakabanatu,
elebakarrak adio
Euskarak mila puska eginda
hil aurreko murmurio
Zapaldutako hainbat hizkuntza
gutxituen kalbario
Mintzatzeari uzten zaiola
eta, azkenik, herio

6

Euskarak dauzkan etsai guztien
izen edota abizen
gureganako begirune mehe
eta gorrototan gizen
gurean mutu nahi gaituztela
hizketan askeak ezen
haien mendean kateaturik
ezin izan, ezin izen
buka dezagun negarraldia
mintzo gakizkien ozen
Euskaraz bizi nahi dugulako
euskaldunak bil gaitezen!

7

Gure burua gobernatzeko
ez daukagu behar dena.
ETB sortu zuten euskaraz
Labaienen ekarpena.
Urteak joan eta etorri
Jaurlaritzaren ogena,
Gorordok ostu zigun ideia
lapurreta nabarmena
kendu ziguten ETB eta
murriztu gure sormena
Agur euskara, gaizki etorri
erdararen itzulpena.

8

Nork utopia edo ametsa
esaten digu suabe
lo sakonean gera gaitezen
zalaparta egin gabe
etengabeko hitz gozoekin
beheko sutondoan ahalge.
Ondo dakite horixe dela
gu menperatzeko klabe.
Ez badugu nahi bizi menpeko
edo inoren herabe
egin gaitezen ahalik azkarren
gure buruaren jabe.

9

Arerioen zerrenda luze,
luze eta itsusia.
Nola ulertu haien gorroto,
haien ezinikusia?
Euskaraz entzun bezain agudo
hasi haien aharrausia
Inperialisten bekaizkeria,
berritsuen erausia
Epaitegiek konpondu baino
garraztu dute auzia,
euskaldun denen aurka ari da
Auzitegi Nagusia

10

Euskaraz ere ez dakienak
begirunez balekike
ez lizkiguke jarriko guri
hainbeste horma-tabike
Ez genuke guk bota beharko
oztopatzen digun dike
Amai dadila behingoagatik
herra eta izurrite.
Hiztun guztiok behar ditugu
euskaldundu bezain fite
Osakidetza, Osansunbide
edota Santé Publique

11

Behin Kontseilua sortu genuen,
bilduta mundu osoa
euskaltzaleok denok batera
hara zein une gozoa!
Bazirudin konpon zitekeela
hizkuntzaren arazoa.
Artalde legez portatu eta
ahaztu genuen otsoa.
Haren eraso heldu orduko
agur gure diskurtsoa.
Ez da izanen gura genuen
Euskara unibertsoa

12

Badakigu zer egin behar den
gure_euskara bizi dadin.
Hizkuntza batu, biziberritu
lurralde denetan berdin.
Digitalean euskaraz ere
mintzatu isildu aitzin.
Mingaina dantzan ipini eta
etsaiei aurre egin.
Hiztun askeak izan gaitezen
aspaldi dakigu jakin
Euskal Estatun bizi gintezke
Estaturik gabe ezin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude