Gizarte Ongizateko Arloak jakinarazi duenez, oraindik tokia badago COVID-19aren pandemiaren ondorioz pertsona maite bat hil zaielako laguntza psikologikoa behar dutenentzat pentsatutako laguntza-taldean.
Ekimenaren helburua da emozioak adierazteko eta esperientzia eta bizipenak partekatzeko gune seguru bat sortzea, eta, horretarako, bi terapeuta ariko dira gidari. Taldekako saioak izango dira, eta 2021eko urritik 2022ko ekainera bitartean egingo dira, Palmera-Montero Gunean, asteazkenetan, 19:00etatik 20:30etara bitartean, hamabost egunean behin.
Ekimena doakoa da, eta izena emateko igandera arte epea irekita dago. Interesdunek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez eman dezakete izena, 010 telefonoan, edo, bestela, udal webgunearen bidez, www.irun.org helbidean. Saioei ekin aurretik, Gizarte Ongizateak parte hartzaileak aurrez aurre elkarrizketatzeko txanda bat abiatuko du.