Leka Enea kluba Irungo Kirol Galan saritua izateko izendapenak jaso dituzten klub horietako bat da. Klub onenaren izendapena jasotzeaz gainera, Ángela Rodríguez eta Iker Martínez Irundarron saria jasotzeko hautagaiak izan dira Espainiako Binakako Txapelketan brontzezko domina lortu izanagatik. Iker Martínezek orain arteko lorpenez eta denboraldiko erronkez hausnartu du.
Beste denboraldi batez lehen mailan jokatzen jarraitzen duzue.
Bai, hori da. Denboraldia sailkapeneko lehenengo bi postuetan hasi genuen, beraz, oso ondo. Gure aurkari guztiak oso lehiakorrak dira, ondorioz liga oso gogorra izaten ari da. Otsailaren 12an partidu garrantzitsu bat galdu ostean, sailkapenean laugarren izatera pasa gara hamabi talderen artean. Hala ere, Europako postuetan gaude eta datorren urtean bertan jolastea bilatzen dugu. Horregatik guztiagatik, oso plazer handia da klub honetan jokatzea.
Mahai tenisa, kirol gutxitua izanda, zailagoa izango da zuen lorpenek merezi duten aitortza jasotzea, ezta?
Hori horrela izatera ohituta gaude dagoeneko. Dena den, guk lanean jarraitu behar dugu, orain arte egin izan dugun bezala. Gure lorpenei errekonozimendua ematen diena hori da, urtetik urtera egiten dugun lana. Denbora luze batez gauzak ondo egiten direnean emaitzak eta sariak iristen zaizkizu, nahiz eta batzuetan oharkabean jokatzen dugula dirudien.
“Espainiako Txapelketan ahalik eta urrutien iristea gustatuko litzaidake, noski”
Irundarron Saria jasotzeko izendapena espero zenuten?
Egia esan, ez, batere. Guk mahai tenisean jokatzen dugu, baina maila oso altuko jokalarien parean jartzen zaituzte; beraz, oso pozik nago izendapenarekin.
Izendapena Espainiako Binakako Txapelketan irabazitako brontzezko dominarengatik lortu duzue. Nolakoa izan zen txapelketa hura?
Elkarrekin jokatzen genuen gure lehenengo txapelketa izan zen eta beraz ez genuen horrelako emaitzarik espero. Egia esan, ni ez nengoen nire kirol mailarik onenean eta bera ere mentalki agian ez zegoen Espainiako Txapelketa bat jokatzeko guztiz prest. Ondorioz, hirugarren postu hori lortzea erabat magikoa izan zen, ez genuelako batere espero. Gainera, final-laurdenetan Espainiako irabazlea izan zenari irabaztea lortu genuen. Azkenean, txapelketa oso ona egin genuen. Datorren astean berriro elkarrekin jokatuko dugu, baina aurten zailagoa izango da, aurten izan ditugun arazo pertsonal batzuk direla eta. Hala ere, gure ehuneko ehuna ematen saiatuko gara, gure joko mailari esker arriskutsuak izan gaitezkeela badakigu eta.
Binakako txapelketak jokatzerakoan, aurkariarekin talde ona osatzea garrantzitsua izango da, ezta?
Hori da, nahiz eta elkarrekin jokatzen genuen lehenengo aldia izan, elkarren arteko elkar ulertzea funtsezkoa izan zen. Aurten zortzigarrenak gara Espainiako rankingean, eta gainera, gure atzetik edo aurretik daudenek orain arte ez dute elkarrekin jokatu, beraz, hori ere gure alde izango dugu. Horregatik, bikoteka jokatzerakoan elkar ezagutzeak asko laguntzen du, uneoro zure taldekideak egingo duena aurreikusteko adi egon behar zara eta. Behin bere jokoa ondo ezagutzen duzularik, errazagoa da automatismoak sortzea.
“Aurten Europan jokatzeko aukera asko ditugula uste dut, baina Ligan ere gure onena ematen jarraitu behar dugu”
Horretaz gain, Leka Enea klub onenaren izendapena jasotzeko ere hautatu dute Errege Kopa finalerdira iristeagatik. Nola jokatu zenuten bertan?
Pribilegio handi bat dela esan behar dugu. Izan ere, ligaren lehenengo zatia sailkapeneko lehenengo lau postuen artean bukatzen baduzu, zuzenean final-laurdenetan sartzen zara zuzenean, Errege Kopako lehenengo fasea jokatu gabe. Aurten lorpen hori errepikatu dugu, hirugarrenak izan garelako. Errege Kopa eta Liga oso ezberdinak dira, lehenengoan jokalari nazional gehiagok jokatzen dute eta. Beraz, hemendik hamar egunetara beste domina bat ekarri nahiko genuke, baina zaila izango da. Hala ere, egia da ez dagoela aurreko urteetan adinako talde indartsurik. Finalera iristea jada klubarentzat lorpen handia izango litzateke, inoiz lortu ez dugun zerbait izango litzatekeelako. Gainera, “Teledeporte” kanalean emango dute, beraz, berezia izango litzateke.
Izendapen hauek klubari eta kirolari ikusgarritasuna emateko lagungarriak dira?
Bai, noski. Ni izatez Donostiarra naiz, baina 2019tik Leka Enean jokatzen dut. Klubarekin eta bere balioekin asko identifikatzen naiz. Esan bezala, aurtengo denboraldian orain arte lortutakoak berresten saiatuko gara, baina gogor lan egin behar da horretarako. Dena den, jakin badakigu, luze lan egin arren, txapelketak egun bakarrean edo bitan jokatzen direla eta lehia handia dago. Argi dugu zeintzuk diren aurtengo helburuak eta, zailtasunak zailtasun, horiek lortzeko borrokatzeko prest gaude.
Beraz, zeintzuk izango dira aurtengo erronkak?
Espainiako Txapelketan ahalik eta urrutien iristea gustatuko litzaidake, noski. Hala ere, badakit zaila izango dela hori lortzea. Errege Kopan ere ondo egin dezakegula uste dut. Ligari dagokionez, laugarren postuan jarraitzea lortzen badugu ondo egongo litzateke, horrek Europan jokatzeko behar dugun txartela emango ligukeelako. Elkarrizketa honen ostean, otsailaren 14an, hirugarren sailkatuaren aurkako partidua jokatuko dugu eta emaitza hori ere garrantzitsua izango da. Bi urte daramatzagu Europan jokatu gabe. Egia da bitarte horretan ziklo aldaketa bat izan dugula. Izan ere, 16 urtez gure taldean egon den jokalari bat beste talde batera joan da, aukera berri bat sortu baitzitzaion. Guk gure lanarekin jarraitu behar dugu. Aurten Europan jokatzeko aukera asko ditugula uste dut, baina Ligan ere gure onena ematen jarraitu behar dugu. Azkenean, 22 partidu dira. Bigarren zatia orain hasi berria dugu eta zazpi edo zortzi partidu ditugu oraindik aurretik, beraz oraindik badugu esku bete lan lehenengo 6 postuen artean irauteko. Hain zuzen ere, datorren urtean Europan jokatzeko aukerak ilusio handia egiten digu jokalari guztioi.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



