Irungo Udalak, Garapen Jasangarriko arloaren bidez, iragarri du larunbat iluntzean “Planetaren Ordua” ekimenera batuko dela. Beste urte batez WWF, Munduko Natura Funtsak, egindako deialdira batuko da, eraikin publikoetako eta partikularretako argiak itzaliz. Horrela, martxoaren 22an, 20:30etik 21:30era bitartean argiak itzaliko dira. Ekintzaren helburua da frogatzea posible dela biodibertsitate galera geldiaraztea eta leheneratzea, 2030erako CO2 isuriak erdira murriztuz.
Planetaren Ordua ekimena ez litzateke izango Lurraren aldeko kanpaina handiena, udalerri eta udalen lankidetzarik gabe. Izan ere, mundu osoko hiriek kanpainarekin bat egin, eta monumentu eta eraikin nagusietako argiak itzaltzen dituzte urtero.
Irunen ekarpena
Horrela, bada, Irungo Udalak Udaletxeko, Menchu Gal Museoko eta San Martzial ermitako argiak itzaliko ditu larunbatean, martxoaren 22an, 20:30ean. Gero, 21:30ean berriro piztu beharrean, itzalita utziko ditu, zeren energia aurrezteko eta modu efizientean erabiltzeko araudi berriak eraikin publikoetako argiak 22:00etan itzaltzera behartzen baitu.
Gogorarazi behar da Irungo Udalak 2022ko azaroan onetsi zuela Irungo Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana, Irungo Udalak klima-aldaketaren aurkako borrokan konpromiso irmoa duela erakusteko. Hori izan zen fenomeno horren aurrean egokitzeko estrategia bat onartu zuen lehen aldia. Horregatik guztiagatik, Udalak gonbit egiten die irundar guztiei ekimenarekin bat egin dezaten.



