Irungo Udala Zubia Inklusio Zentroaren lekualdaketa aztertzen darrai

Irungo Udala Zubia Inklusio Zentroa behar berrietara egokitzeko kokapen egokiago batera lekualdatzea zehazten ari da. Orain baino lehen, Irungo Udalak gune sozial hori birkokatzeko lehenengo aukera bat aztertu zuen, gaur egun Ospitale Zaharraren instalazioetan dagoena, Ama Miraritakoaren kalean. Dena den, egiaztatu ahal izan zen ez zituela betetzen horrelako baliabideetarako eskatzen ziren baldintza teknikoak.

Gaur egun, bigarren aukera bat aztertzen ari dira, eta hasiera batean, horrelako beharrezko baldintzak betetzen ditu, talde teknikoen behin betiko baieztapenaren faltan, hurrengo urratsetan aurrera egin ahal izateko. Iragarpen hori joan den ostegunean, maiatzaren 22an, aurreratu zen, udal ordezkariek Larreaundi-Olaberriako auzo elkartean bertako bizilagunekin eginiko bileran.

Irungo Udalaren ustez, etxegabetasuna leku guztietan ari da handitzen, eta administrazio guztien arteko  estrategia komun bat aurrera eraman behar da Euskadin gizarte-bazterkeriaren eta etxegabetasunaren aurka.

Udal erantzukizuna

60.000 biztanle baino gehiago dituen Irun bezalako hiri batean Zubia bezalako gizarteratze-zentro bat egoteak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretuan xedatutakoari erantzuten dio. Dekretu horrek udalen erantzukizuna ezartzen du lehen mailako arretako zerbitzuen horniduran, mota horretako baliabideak barne.

Araudi horren helburua da gizarteratze zerbitzuetarako sarbide eraginkorra bermatzea, EAEko lege-esparruan aitortutako eskubide subjektiboa betez. Eskualdean, Irunek modu mankomunatuan hartzen du bere gain eskumen hori, Hondarribiko udalerriarekin batera.

Zubia Gizarteratze Zentroa eguneko arretarako eta gaueko harrerarako gizarte-baliabide bat da, bazterketa egoeran edo gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendua. Jantokira eta gaueko ostatura sartzeko, udaleko gizarte zerbitzuen preskripzio teknikoa behar da; eguneko prestazioetarako sarbidea, berriz, zentroak berak kudeatzen du zuzenean.

Lehentasunezko neurriak

Zentzu horretan, eta gizarte baliabide horren lekualdaketa gauzatzen den arte, Irungo Udalak hainbat neurri hartuko direla iragarri du. Lehentasunezko jarduera-ildoen artean, zentroko erabiltzaile ez diren eta inguruan jokabide gatazkatsuak izan dituzten pertsonen gaineko kontrola indartzea dago, gizabidezko eta bizikidetzako oinarrizko arauak ez dituzten neurrian. Gertakari ia guztiak zentroak ezarritako sarbide-baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek eragin dituzte, eta jokabide edo portaera desegokiengatik sarrera ukatzen zaie.

Azken hilabeteetan, Irungo Udaltzaingoak, Ertzaintzarekin lankidetza estuan, areagotu egin du zonaldeko esku-hartzea, gatazka egoeretan azkar eta eraginkortasunez jarduteko. Segurtasun-kidegoen arteko lankidetza horri esker, erantzuteko gaitasuna hobetu egin da. Udaltzaingoak arauak betetzen direla zaintzeko  eta herritar guztientzako ingurune segurua bermatzeko konpromisoa berresten du.

Aldi berean, Udalak ingurune osoaren segurtasuna hobetzeko neurri osagarri batzuk abiaraziko ditu. Besteak beste, bideo-zaintzako kamerak instalatzea eta inguru horretan argiteria publikoa indartzea aurreikusten da, argi-puntu berriak jarrita. Neurri horiek Irungo Udalak hainbat udal arlotatik neurriak abian jarriz modu integralean jarduteko hartutako konpromisoari erantzuten diote.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude